«¡Dame un bote!»
Markel IRIZAR | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Osteguneko zutabearekin nuen helburua ongi beteta (nire taldekide Mikel Astarlozari babesa eta animoak helaraztea), beste kontu batzuekin natorkizue berriz ere. Etapa bukatu berri da, eta gaur ez dut zutabetxoa ongi prestatzeko beta askorik, beraz, bat-batean etorri zaizkidan kontuekin beteko dut gaurko zutabea.
Baina ohiturari jarraituz, ez dut karrerako gauza gehiegi aipatuko. Gaur bizikleta-kulturari buruz jardungo dut. Holandan hasi genuen itzuli hau. Han izugarrizko errespetua eta afizioa dutela erakutsi zuten. Errepideak beteta, eta jendea aurrean nahiz atzean guztiok animatzen. Lanerako, eskolarako eta besterako garraiobidea dute han bizikleta, eta bizikletan lehiatzen direnak izugarri miresten dituzte. Handik ekarri dudan oroitzapena oso ona da. Eta orain, hau idazten dudan bitartean, Almerian nago, negutegi eta plastiko artean. Hemen dagoen afizioa, aldiz, oso txikia da, Belgika, Holanda edo Euskal Herriarekin konparatuta. Euskal zaleak, txirrindulari guztiak animatu, egunkariren bat eman jaitsierarako edo bultza egin eta coca-cola ematen ikusi ohi ditut. Horregatik, gure zaleek hori egin ohi dutenean, txirrindulari atzerritarrek, munduko zale onenak ditugula esaten digute.
Hemen aldiz, behin grupeta egin eta gero, animoak entzun ordez, «dame un bote», errepikatzen zuten etengabe. Horrelakoetan konturatzen zara, zein gaizki ohituta gauden. Gure lasterketetan, zale piloa, ikurrinak lepo, eta lehenetik azkenera txirrindulari guztiak animatu eta errespetatuz. Izaten ditugulako euskal zaleak. Horregatik, zutabetxo honek ematen didan aukera baliatuko dut, bene-benetan gure zaleei eskerrak emateko, beraiek baitira azken finean euskal txirrindularitza horren handia izatea lortzen dutenak. Hauek bitartean, berean jarraituko dute, eta ahal dutenean beren aukera baliatuko dute, zera esateko: ¡Quillo, dame un bote! Besterik gabe, hurrengora arte, ondo segi!