Krisiaren kontrako borroka kalera
Krisi ekonomikoak aurrera egin ahala, gero eta nabarmenagoa da Lakuako eta Iruñeko gobernuen jarduna egoera bide onean jartzeko ahaleginari ez ezik, haren ondorio larrienak arintzeari ere dagokionez, eskasa dela. Hego Euskal Herriko ekonomia, momentuz, unerik okerrenean dago eta administrazioak aplikatzen ari diren politikek ez diote langileen eta behartsuenen egoera gero eta larriagoari erantzuten. Horiek horrela, euskal gehiengo sindikalak, joan den maiatzaren 21eko greba orokorrak jarraipena izan behar duelakoan, egoera larri horri erantzuteko dekalogo bat, «premia bizikoa», aurkeztu zuen atzo, baita Hego Euskal Herriko gobernuek eta foru aldundiek hura abian jar dezaten mobilizazioak iragarri ere.
Euskal sindikatuek proposatu dituzten neurriak krisialdiaren kausak kontuan hartuta landu eta diagnosi horren araberako politikak aldarrikatzen dituzte, eta kausa horiek berriro elikatzea ez da inola ere irtenbidea. Ukaezina da administrazioen politikek ez dutela langileen eta, oro har, krisialdiak gogorren kolpatutakoen egoera hobetzeko balio. Ikusi besterik ez dago noren txaloa edo gutxienez adostasuna jaso duten; elkarrizketa soziala delakoa patronalarekiko adostasunera mugatuta dagoela, nahiz eta patronal aseezinak lan erreformetan areago sakondu nahi duen, prekarietatean areago sakondu alegia. Irtenbidea, ordea, kontrako norabidera jotzea da: eredu sozioekonomikoa aldatzea. Esate baterako, atzo sindikatuek aldarrikatu zituzten printzipioen gainean: gizarte-justizia, berdintasuna eta aberastasuna eta lana banatzea.
Dekalogoaren azken atala gehiengo sindikalaren aspaldiko aldarrikapena da, Lan Harremanetarako eta gizarte-babeserako euskal esparrua, hain zuzen, benetako giltzarria dena, harekin Hego Euskal Herriak enplegu, negoziazio kolektibo eta gizarte-babesaren arloetan berezko legeak izateko eskuduntza izango bailuke. Ikusteko dago krisiari eman beharreko erantzunari zer erantzun ematen dioten langileen premiak beren ardura nagusia ez direla erakutsi dutenek.