GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Hi narru, ze xauk?»

Markel IRIZAR | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

9.45 a.m. Sendagileak gelako atea jo, pisua komunean jarri, eta beste etapa bat hasten dugu. Berak markatutako pisuan gaude, beraz gustura gosaltzera.

10.00 a.m. Hoteleko buffet-era jaitsi, pasta, tortilla, laranja zukua, pare bat tostada eta kafe bat irentsi, eta berriz ere gelara. Lasterketarako gauzak prestatu, eta berriz ere kulota jantzita.

11.00 a.m. Autobusera igotzeko jaitsi, eta atzo baino lan handiagoa dugu pausoak ematean. Hankako mina nabaritu dut, eta Txurruri begiratu, eta pentsamendua irakurri dit: «Irizar errebentata najak!», esan dit.

12.00 p.m. Bilera autobusean. Irteera goraka da. Aginduak argiak dira: Pereztarrak, Aitor, Isasi eta Irizar ihesaldiaren bila. Buruarekin baiezkoa egin dut, baina neure barrurako hauxe pentsatu dut: «Ez dakizue zein lehertuta nagoen!»

12.30 p.m. Saeco kafe-makina sekula baino kafe gehiago ateratzen ari da. Ez naiz zuzendariak jarri didan lana egiteko guztia behar izango dudala pentsatzen duen bakarra. Pare bat kafe hartu eta village-ra.

12.45 p.m. Sinatu eta gero, 15 minutu karpatan egoten gara. Village depart dauka izena. Denek gauza bera aipatzen dugu, oso nekatuta gaudela, eta ea poliki ateratzen garen, kexa eta protesta...

01.00 p.m. Irteera eman dute eta lasai irtengo ginela esaten zuenak lehengo erasoa jo du. Irteera goraka, haizea saihetsetik, eta izugarrizko hankako mina. Zaila izango da askorentzat ulertzea, baina nekearen nekez hanketan mina izaten dugu!

01.05 p.m. Hiru kilometro besterik ez ditugu egin, eta izugarrizko sarraskia pelotoian. Ezin dut gehiago, baina beste eraso bat eskuinetik. Bi koroa jaitsi, behetik heldu-lekua eutsi, atzo baino 10 kilo gehiago pisatzen duen sentsazioa ematen didan ipurdia jaso, eta beraien bila.

02.30 p.m. 65 km egin ditugu. Aspalditik, uste dut bigarren kilometrotik, gehiago ezin dudan sentsazioa daukat. Dinbi-danba, honek lehengo moduan jarraitzen du. 49 km/h-ko batez bestekoaz goaz.

02.40 p.m. Halako batean, ihesaldia egin da. Ez gara sartu, baina «pixe-pixe» gustura entzun eta, ihesaldia ontzat emanda, txiza egiteko geldialdia egin eta gauza lasaitzen ari da.

02.50-05.00 p.m. Etapak erritmo neketsua darama. Ezin erritmo egokia hartu, eta gogoz kontra, kilometroak pasa ezinda marmarka, azkenean etapa bukatzera doa!

Hori izan liteke gure ohiko egunetariko bat. Indarrak agortzen doaz, morala ere bai, indarren proportzioan beheraka. Itzulia luze egiten hasten da, eta aste bat besterik falta ez den arren, ez da tunel bukaerako argia ikusten. Neka-neka eginda iristen naiz hotelera. Ez dut ia egun osoan Txurru ikusi. Nahikoa lan izan du bakoitzak bereari eusten. Harreran zein gelatan gauden galdetu, eta isil-isilik gelara sartzen gara. Halako batean, taldeko txapela atzerantz jarrita duela (Txitxo Terremoto ematen du) ekipoko maillota eta praka motz batzuk soinean, begiak lurretik altxatzen ditu. Begi-zuloak nabari zaizkio, baina bat-batean, horrenbeste grazia egiten dion esaldi oñatiarra bota, eta irribarre txiki bat egiten dut: «Hi narru, ze xauk?», sakatu dit eta nik buelta: «Hi gazte, porru inda ñauk». Biok batera barrezka hasi gara! Ez daukagu sobera indarrik, baina umorea oraindik ez zaigu falta! Motxila lurrean utzi, eta bisera, praka motz eta zapatilekin Txurru ohean etzan zait. Txurru ere benetan porru eginda dago, ea nor ausartzen den honi «hi bizi haiz hi» esaten!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo