GARA > Idatzia > Ekonomia

Altzarien salmenta bultzatzeko, diru laguntzak emango ditu Lakuak urte amaiera arte

GARA

Atzo hasita eta urte amaierara arte etxeko altzariak, lanpara, koltxoiak eta abar erosteagatik diru laguntzak emango ditu Lakuako Gobernuak. Erosketak 300 eurotik gorakoa izan beharko du eta 250 langile baino gutxiago duten EAEko saltokietan egin beharko da, kostuaren %25eko diru laguntza jasotzeko. Gasteizko Gobernuaren laguntza gehienez mila eurokoa izango da, jakinarazi duenez.

Neurriak krisiak jota dagoen merkataritza jarduerari lagundu nahi dio. Eta aipaturiko laguntzaz gain, beste bat ere jarriko dute abian: merkataritza gune txikietan eta ostalaritzan langileak kontratatzeko laguntza, hain zuzen.

Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismo sailburuordeak krisiari aurre egiteko «+Euskadi09» izeneko neurri sortaren inguruko xehetasunen berri eman zuen.

Salmenten jaitsiera

Altzarien erosketarako diru laguntzek harrera ona izango dute, Lakuaren ustez, eta krisiak gogor jo duen sektore horri bultzada ematea du helburu. Izan ere, altzari salmentek %32,7ko jaitsiera izan zuten urtearen hiruhilekoan iazko zifrekin alderatuta.

Dendariek egingo dute deskontua zuzenean eta bete beharreko baldintzen artean erosketa programari atxikia izatea eta 250 langile baino gutxiagoko dendatan egitea daude, zehaztutakoaren arabera.

Laguntza unibertsala da erabiltzaileak edozein errenta duela, eta dendariek SPRIren bidez jasoko dute diru laguntza.

Euskal Autonomia Erkidegoa Estatu espainolean era honetako neurri bat martxan jartzen duen lehenengo erkidegoa da. Gasteizko Gobernuak bi milioi euroko diru partida gorde du abenduaren 31ra arte indarrean egongo diren laguntzak emateko, aurrekontua agortu arte.

Kontratazio berriak sarituko dituzten laguntzei dagokienez, merkataritza, ostalaritza zein sukaldaritza alorrei zuzendutakoak izango direla argitu zuen Lakuak. Bereziki Gabonetako kanpainari begirakoa da laguntza, eta bederatzi langile baino gutxiagoko sektore horietako enpresek eska dezakete. 2,4 milioi euro bideratuko ditu horretara.

Zehaztasunei dagokienez, abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra arte egindako kontratu bakoitzeko 1.200 euro emango dio Lakuak kontratatzaileari, eta kontratazio berri horren gutxieneko iraupena hilabete eta erdikoa izan beharko da.

Merkataritzari laguntzeko Lakuak abiatu dituen neurrien artean, hiriguneak dinamizatzeko laguntzak ere badira. Guztira 800.000 euro aurreikusi ditu kaleko musika edota antzerki ikuskizunetarako, 3.000 biztanle baino gehiagoko guneak girotzeko. Publizitate kanpaina ere izango da, kontsumitzaileen konfiantza indartze aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo