GARA > Idatzia > Kultura

Herrietako altxorrak ezagutzeko aukera, denon eskura

Gaur eta bihar ospatuko dira Europa mailan antolatzen diren Ondarearen Egunak. Asteburuan herri eta hirietako ondare kultural eta arkitektonikoak eskura izango ditu herritar orok. Aurten «ondarea denon eskura» leloak elkartuko ditu leku ezberdinetako eskaintzak. Horrela, bai ezintasun fisikoren bat dutenei bai gizarte maila guztietako herritarrei dei egin diete hurbileko altxorrak ezagutzeko ekimen honetan parte har dezaten.

Idoia ERASO I

Urte osoan jendeak bisita ez ditzakeen herri eta hirietako ondare eta gune historikoak irekiak izango dira bi egun hauetan. Horrela, esaterako, Maulen Agerria edota Donibane Garazin gotorlekua barrutik ezagutzeko aukera izango da.

Arkitekturak arreta berezia jasoko du aurten Ipar Euskal Herriko hiri nagusietan. Biarritzeko ondare arkitektonikoa bertatik bertara ezagutzeko hiru ibilbide izango dira. Baionan hiriko eraikin handienetarikoa, ZUPeko Breuer etxebizitzak, arkitektura modernoaren erakusgarri izango dira. Hendaian, Abadiako gaztelua ezagutzeko bisita gidatu eta eztabaidak antolatu dira.

Maulen ehun eta hogeita bost urtez La Salle fundazioko fraideen eskuetan izan den Agerria etxea ezagutzeko parada izango da bi egun hauetan. Abuztuaren 31n Elizak giltzak hiriburuko auzapezari eman zizkionetik kudeaketa Herriko Etxearen esku dago. Hori dela eta, mendeetan egoitza eta zahar-etxe pribatu izan dena publikoari zabalik egongo da.

Donibane Garazin bi egunetan herria ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte. Gotorlekua bereziki Ondare Egunetarako zabalduko dute, bai eta Nafarroako erregeen gaztelua eta apezpikuen presondegia ere. Urtero legez Argazkien Biltzarraren sari banaketak bat eginen du asteburuarekin, igande eguerdian izango da hiriburuko herriko etxean.

Getariako Udalak Elizaren boterea gure artera heldu baino lehenagoko ondareak erakutsiko ditu. Hala, duela urte batzuk aurkitutako erromatar garaiko gazitze fabrika baten indusketa zentroak ateak irekiko ditu. Lurpean arrasto arkeologiko anitz gordetzen dituen kostaldeko herri honetan udan erromatar garaiko zeramikak eta arrain arrastoak aurkitu dituzte, baita balea-hezur bat ere. Bisita gidatuak egingo dira indusketak ikusteko.

Angeluk ikuskizun ugari antolatu ditu, naturarekin zein artearekin loturikoak. Parkeak eta lorategiak bisitatu ahal izango dira. Artearen alor ugari jorratuko dira. Margo eta eskultura garaikideak Big Up festibalaren eskutik helduko dira Angelura.

Donibane Lohizunen urtero gai baten inguruan antolatzen dituzte egun hauek eta aurten musika izango da ardatz, gaita gai nagusi hautatuta. Bi urtetik behin antolatzen diren Gaita Egunak asteburu honetan izango dira, hortaz, Donibane Lohizunen.

ZUPa arte bilakatuta

Lapurdiko hiriburuan ospe txarreko ZUP auzora igoko dira Ondarearen Egunak. Auzoko eraikin nagusia sortu zuen arkitekto Marcel Breuerren omenezko urtea izendatu du Herriko Etxeak aurtengoa, hori dela eta, «Breuer gaualdia» antolatu dute gaurko.

Horrez gain, auzoaren historia eta eguneroko bizitzaren berri ematen duen testu bat idatzi du Remy Rivierek. Hitzoi jarraiki, Lezards qui bougent konpainiako aktoreek sorkuntza berezia eskainiko dute. Horrek guztiak «Graffiti éphémère» performancearekin bat egingo du, irudi eta argiztapen performancea dena. Michael Guilleminen eraikinaren zirrikituak agerraraziko ditu ikuskizunak.

Hiru ibilbide

Lehen aldiz ospatuko ditu aurten Biarritzek Ondarearen Egunak, eta hori dela eta hiru ibilbide antolatu dituzte hiriak duen arkitektura berezia ezagutarazteko. Erdialdea, itsas-bazterra eta familiako rally-a izendatutako ibilbideetan, azken ehun eta berrogeita hamar urteetan eraikitako etxe eta jauregien nondik norakoen berri izango du bisitariak. 1855ean Eugenia enperatrizak Biarritz atseden leku aukeratu zuenetik estreinatu berri den bainuetxearen berreraikuntzara arte garatutako estilo «heteroklitoa» aztertuko da. Bisita gidatuak eta informazio guneak ere izango dira hirian zehar.

Hergarai ibarrak ere lehen aldiz irekiko ditu ondarearen ateak bi egun hauen karietara. Donibane Garazi eta Irati arteko bailara honetako sei herrietan hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Larunbata mendian ibiltzeko eguna izango da, goizean ibilbide lasaia eta arratsaldean Behorlegi Ttutturru trail lasterketa izango dira.

Bihar kulturak izango du leku nagusia. Zura abiapuntutzat hartuta, ibarreko ondarearen aurkezpena egingo da goizean, Lekunberritik abiatuta. Etxalde historikoen aurkezpena ere egingo da. Egun osoan erakustaldiak izango dira Lekunberriko plazan.

ZUP AUZOA

Baionako ospe txarreko ZUP auzora ere igoko dira Ondarearen Egunak. Auzoko eraikin nagusia sortu zuen Marcel Breurren omenezko urtea izendatu Herriko Etxeak aurtengoa.

IBILBIDEAK

Hiru ibilbide antolatu dira Biarritzek duen arkitektura berezia ezagutarazteko. Erdialdea, itsas-bazterra eta familiako rally-a izendatutako ibilbideak dira hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo