Birziklatzea bultzatzeko kanpaina jarri dute martxan Debagoienan
GARA |
«Ontziek bizitza luzea dute» lelopean Debagoieneko Mankomunitateak irailetik urrira bitarte iraungo duen kanpaina jarri du abian birziklapena sustatzeko. Helburu nagusia herritarrak birziklatzearen garrantziaz ohartaraztea da; hala ere, bereziki, eduki-ontzi horietara botatzen den ontzi kopurua handitu eta kalitatea hobetu dadin nahi dute. Horrela, helburuak lortu ahal izateko, eduki-ontzi horietara zer bota behar den eta zer ez argi azalduko dute.
Birziklapena sustatzeko, kanpainaren barruan hainbat ekintza egingo dituzte. Hala nola eskuorriak banatu, hedabideetan iragarkiak jarri eta sari «potolodun» lehiaketak egingo dituzte. Azken hau izango da, hain zuzen ere, kanpaina gizarteratzeko «amua».
Birziklatzeagatik, sariak
Debagoienan bizi diren adin nagusiko pertsonei edo irabazi asmorik gabeko elkarteei begira prestaturiko lehiaketa da Mankomunitateak kaleratu duena. Orotara, 400 euroko hiru sari banatuko dituzte Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako saltokietako gai edo zerbitzuetan xahutzeko. Horretarako, nahitaezkoa da eskualdeko etxebizitzetara bidaliko duten galdeketa orria zuzen betetzea.