GARA > Idatzia > Ekonomia

Estatuak Arabari zor dizkion 456 milioiak lortzeko, Lakuari zer egingo duen galdetu diote

Gobernu espainolak 456 milioi euro zor dio Arabako Foru Ogasunari, duela 3 hilabete kaleratutako ebazpen baten arabera. Hori dela eta, ebazpena bete eta diru hori eskuratzeko zer egingo duen galdetu dio EAJk Lakuari.

GARA

Gobernu espainolak Arabako Foru Ogasunari zor dizkion 456 milioi euroak eskuratzeko zer egingo duen galdetu dio Lakuako Gobernuari EAJko legebiltzarkide Ricardo Gatzagaetxebarriak. Izan ere, jelkideak Gasteizko Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburu Carlos Aguirreri Madrilgo Gobernuak zorretan duena ordain dezan zein neurri hartuko dituen azal dezan eskatu dio, atzo zabaldu zuen ohar baten bidez azaldutakoaren arabera.

Gatzagaetxebarriak gogorarazi duenez, 1990etik 2005era bitarte Arabako Foru Ogasunari zegokion Balio Erantsiaren Zergaren (BEZ) hainbat operaziorengatik kobratu beharrekoa Estatuko Ogasunak «bidegabeki» poltsaratu du. Jarraian, iragan ekainaren 19an EAEko Kontzertu Ekonomikoko Ebazpen Batzordeak hartu zuen erabakia ekartzen du gogora: BEZaren ordainketetatik bildutako 456 milioi euro Arabako Ogasunak jaso behar duela eta ez Madrilgo Gobernuak. Azaltzen duenez, kopuru hori ondasun ematearen barne operazioei eta Rover SA merkataritza-sozietateak inportazioko ibilgailuen salmentarako egindako komunitate barruko operazioei dagokie.

Gatzagaetxebarriak nabarmentzen duenez, foru ogasunen eta Estatu espainolaren arteko auziak ebazten dituen organoak duela hiru hilabete plazaratu zuen erabakia eta «Gobernu espainolak ebazpen administratiboak ezartzen duen zenbatekoa ordaindu gabe jarraitzen du». Madrilgo Gobernuak, zorra ez ordaintzeko, erabakia auzitara eramatea litekeena dela uste du EAJko legebiltzarkideak.

Egun, «krisi ekonomikoa eta zerga bilketan izan den jaitsiera kontuan hartzen badugu, 456 milioi euro horiek berreskuratzeak izugarrizko garrantzia du Euskadirentzat», nabarmentzen du Gatzagaetxeberriak. Ildo beretik eta diru horrek bai Gasteizko Gobernuan zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundientzat eta udalerrientzat diru sarreretan izango lukeen eragina kontuan hartuta, Gatzagaetxebarriaren ustez, «funtsezkoa» da Lakuako Gobernuak diru hori berreskuratzeko neurriren bat hartuko duen jakitea.

Lakuak honen inguruan ezer egiteko asmorik izango ez balu, «berriro ere Lopezen Gobernuak euskal hiritarren interesak Rodriguez Zapateroren Gobernuaren mende jartzen dituela» erakutsiko lukeela adierazi du.

15 urte

Gogoratu dutenez, 15 urtez, 1990etik 2005era bitarte, BEZaren inguruko hainbat operaziorengatik Arabako Ogasunak jaso beharreko dirua Madrilgo Gobernuak poltsikoratu zuen.

hiru hilabete

Duela hiru hilabete atera zen Arabako Foru Ogasunaren aldeko ebazpena eta oraingoz Gobernu espainolak ez du ordainketarik egin. Horren aurrean, Lakuak zer egingo duen jakin nahi du EAJk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo