ZINEMALDIA
Musika, Ghobadi eta «katu persiarren» bizirauteko arnas bakarra
Urrezko Maskorra bitan irabazi duen Bahman Ghobadi zuzendari kurduak «Kasi az gorbehayeh irani khabar nadareh» (Inork ez daki ezer katu persiarrez) filma aurkeztu zuen atzo Zabaltegin. «Dortokek ere hegan egiten dute» lanaren zuzendariak, Irango musika du oraingoan gidari.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Talde hauek katuen eta txakurren parekoak dira Teheranen, kalean ibiltzea debekatua dute. Katu persiarrak oso ezagunak eta maitatuak dira atzerrian eta eliteen maskota izan ohi dira. Teheranen, ordea, ez dute ezer balio. Horixe bera gertatzen da musika talde hauekin ere. Ez ditu inork ezagutzen», azaldu zuen atzo Bahman Ghobadi zuzendari kurduak, bere azken filmaren aurkezpenean.
Kontzertu bat emateagatik kartzelatik atera berri diren Ashkan Koshanejad eta Negar Saghaghi musikariei jarraipena eginez, dokumentalaren eta fikzioaren arteko narrazio bat sortu du. Bi musikarien helburua talde bat sortu eta Europara alde egitea da eta, horretarako, taldekide bila abiatuko dira. Teherango soto ilunetan gorderik aurkituko ditu Ghobadik errepresioak bultzatuta klandestinitatean entseatzen duten indie, heavy metal zein rap taldeak. «Niretzat, nire herrikide gehienentzat bezala, ezezaguna zen underground fenomeno hau».
Zuzendari kurdua New Yorken bizi da gaur egun eta ia ezinezkotzat jotzen du bere herrira itzuli eta berriro filmatu ahal izatea. Atzo azaldu zuenez, baimenik gabe eta hamazazpi egunetan korrika eta presaka grabatu zuten «Inork ez daki ezer katu pertsiarrez» filma.
Musikarekin duen erlazioa azaltzeko, atzera begiratu zuen Ghobadik. «Duela hiru urte beste pelikula bat nuen buruan, ez nuen baimenik eta depresioak jota egon nintzen. Musikak atera ninduen hartatik». «Niwemang» (Ilargi erdia) izeneko bere aurreko filmean ere musika izan zuen ardatz Ghobadik.
Dagoeneko bost film zuzendu ditu eta, batez ere, horietako hiru lanekin, Irango Gobernuaren errepresioaren aurrean, arnas pixka bat hartzea lortu duela aitortu zuen. «Gizon indartsu batek nire burua uretan murgiltzen du 30 segundoz. Une batez, aurre egin eta arnasa hartzea lortzen dut. Ur azpiko 30 segundo horiek gobernu honen 30 urteren parekoak dira eta egiten dugun protesta, arnas hartzeko unea. Gizon indartsua gero eta ahulagoa da eta gero eta errazago lortzen dugu burua ateratzea. Nik dagoeneko hiru aldiz atera dut eta eurak baino indartsuagoa naiz».
«Irango agintaritza sumintzen saiatzen naiz, nire filmak Europako zenbait herrialdetan proiektatu direla eta oso harrera ona izan dutela esanez. Lotsatu daitezela eta pentsa dezatela euren herrialdean atzerrian errespetua lortu duen zinemagile bat dagoela» esanez amaitu zuen.