GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Eta laster berriz bertso txutea, eta handia

Dagoeneko urduri nago. Aztoratuta. Laster hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Azken lau urtean ez dut abstinentzia-sindromerik izan; alegia, ez nago erabat mendera erorita. Baina, aitortu behar dut autoan bakarrik nagoenean askotan entzuten ditudala aurreko txapelketetako bertsoak (batzuk buruz ikasi ditut eta igual irudituko zait nik boteak direla). Aitortu behar dut memorian ondo gordeak ditudala hainbat finaletako irudiak eta aitortu behar dut oilo-ipurdia sortzen zaidala oraindik ere BECeko txalo zaparrada batzuk barruan gogoratzen zaizkidanean. Are gehiago, duela zortzi urte Belodromoan Andoni Egañaren eta Maialen Lujanbioren buruz burukoan negar egin nuen. Aitortzen dut. Tira, eta behin egia osoa esaten hasita, azken lau urtean bestelakoak ere sartu ditut, txapelketatik kanpokoak alegia. Gozo-gozo denak.

Eta laster berriz bertso txutea. Handia. Ez diskotekako bertso koloretsurik, ez barruraino sartzen den musika sofistikaturik. Ez su artifizialik ezta hiru dimentsiotako betaurrekorik ere. Ez koloretako pilularik edo sexurako jostailu izkutukorik. Horrelakorik batere ez. Eta, hala ere, engantxatuta. Hitzen akrobatekin liluratuta. Emozionatzeko prest, emozionatzeko gogoz. Haserretzeko, barre egiteko, tristetzeko, negar egiteko, amorratzeko, lotsatzeko, larritzeko. Eta hori guztia eserita eta geldirik. Entzuten.

Horrela ikusita mendekotasunak larria dirudi. Baina ez da hainbesterako. Gainera, batere ajerik ez du sortzen. Irratian edo telebistan bertsoak entzun eta sekulako siesta egiteko probesten dutenak harrituta imajinatzen ditut, larrituta akaso. Bakoitzak bere bizioak ditu eta nik ez daukat desintoxikatzeko gogorik eta asmorik; betekada izateko arriskuaren gainetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo