GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egoera aldrebes honek abertzaletasuna batu eta indartu dezake»

karrere.jpg

Maider Karrere

Gazte abertzaleetako idazkari nagusia

 Gazte Abertzaleek berriki egin duten biltzarrean idazkari nagusi izendatu dute 27 urteko donostiar antropologo hau; lehen emakumea da gainera, kargu hori hartzen. Abertzaleentzat egoera «aldrebestu» dela uste duen arren, alde positiboak ikusten ditu eta biltzeko deia egin die abertzale guztiei «aldaketa emateko eta bereziki, gizarteak gugan sinesteko».

Oihana LLORENTE

«Pertsonak aldatu arren, filosofia ez da aldatu», adierazi dio GARAri Karrerek berak eta hogei urte betetzear den eta EAko harrobi gisa definitzen den gazte erakundeaz luze aritu da.

Gazte erakundeko lehendakari gisa zein erronka dituzu une honetan esku artean?

Erronka nagusia gainean dugun krisi larri honi aurre egitea da. Gazteok protagonismoa erabat galdu dugu bertan, eta gainera, kaltetuenak izanik, erantzun bat eman behar digute. Politikariek orain arte asko hitz egin dute gazte politikak aurrera eramateaz eta, baina krisia etorri denean inor ez da horretan hasi. Krisiaz gain, subiranotasunaren beharra ere aldarrikatuko dugu. Euskal Herriko gazteriak behar dituen eskubideak lortzeko lehen pausoa da subiranotasuna. Gure aberria izanik lanabesak aurkituko ditugu eta Europaren barnean gure bideari ekiteko aukera izango dugu. Aurrera eramango ditugun dinamikak desobedientzia zibilean oinarrituko dira.

Nola ikusten duzu une honetan Euskal Herriak duen egoera politikoa?

Gobernu aldaketak gauzak pixka bat aldrebestu dizkigu abertzaleoi. Aldaketa berez negatiboa da, ziurrenik atzerapauso asko ikusiko ditugulako, baina aldi berean, egoera ona izan daiteke abertzaletasuna eta autodeterminazioa bide berrietara eramateko, eta animo berriak sortzeko. Egia esan, abertzaleak euskal gobernua hartuz geroztik lotan gelditu garela uste dut; asko lasaitu gara. Agian aldrebeskeria honek abertzaletasuna bultza lezake, abertzaleen bideari indarrez ekiteko eta abertzale guztiak batzeko.

Eta gazteriak zein ekarpen egin dezake bide horretan?

Egoera korapilatsu honek batez ere gazte munduan izango du eragina, edo hori espero dugu. Gazteriak egin dezakeen ekarpenik handiena bere indarra, berrikuntza eta bere ikuspegi berria txertatzea da. Europan gerontokrazia batean bizi gara. Politikan ez ditugu gazteak, eta gazteoi ez digute kasu egiten politikagintzan. Aldarrikapen hori eduki behar dugu, batetik, politikan aintzat hartuak izan behar dugulako, eta bestetik, guk ere bertan inplikatu behar dugulako. Politikan baldin bagabiltza, aukera gehiago izango dugu politika bera bideratzeko.

Abertzaleen batasuna lortzeko zein oztopo ikusten duzu?

Oztoporik handiena biolentzia da. Alde batetik, ETAren biolentzia, eta bestetik, Estatuak jartzen dizkigun oztopoak. Abertzaletasunaren kontra gogor egiten du, abertzaletasuna bera «makurkerien filosofia» gisa joz. ETAren eragina txarra da; heriotzak eragiten dituelako eta abertzaleok eraman ditzakegun teoriak eta praktikak baliogabetzen dituelako. Horiek dira oztoporik larrienak, baina honi, krisi ekonomikoa eta jendeak duen beldurra gehitzen badiogu, abertzaleon aldarrikapenak atzean gelditzen dira. Aberriaren beharra ez da ikusten. Gure ustez, aldiz, alderantziz izan beharko luke, aberria izanda ekarpen gehiago ekarriko zizkigun.

Eta zein aurrerapauso?

Ez dakit orain dela urte batzuk baino hobeto edo okerrago gauden, baina beharra behintzat mantentzen da. Alderdi guztiok lehentasuntzat hartu beharko genuke batasun hori bilatzea. Abertzaleak biltzea beharrezkoa da, batetik, dugun kasuistikagatik; txarra da leku guztietan unionistak baitaude gobernuan. Eta bestetik, folklorismo hutsa diren politikez gain, herri politika serioak ez direlako egiten. Abertzaleok batu egin behar dugu, bai aldaketa emateko, bai gizarteak gugan sinesteko.

Eta gazte mailan batasun horri begira lan egiten al da?

Guk behintzat gainerako gazte eragileekin biltzeko asmoa dugu, hori erabaki dugu biltzarrean, bai gazteriak duen berezko garrantziagatik, eta bai, bereziki, nahi dugun subiranotasuna lantzeko. Praktika hori eraman nahi dugu.

Zer-nolakoa izan da hogei urte hauetako ibilbidea?

Militante oparoak izan dituen alderdi batetik gatoz; EAk beti izan ditu bere baseak berritzeko gazte asko eta horretan jarraitzen dugu. Pertsona oso baliotsuak atera dira Gazte Abertzaleetatik, Fernando Belasko, Peio Urizar edo Onintza Lasa, besteak beste. Politikari eta pertsonen ikastetxe bat da gure erakundea. Filosofia gizartearekin aldatuz joan da, baina ezkertiarrak izaten jarraitzen dugu, baita europeistak ere eta EAko harrobi bezala jarraitzen dugu. Pertsonak aldatu dira, baina ez filosofia.

Hala ere, gaur egun gazte talde guztietan egoera txarra dela ezin dugu ukatu.

EAn izan den zatiketak eraginik izan al du zuengan?

Ez. Gazte Abertzaleak beti izan da alderdia baino ezkertiarrago eta aitzindariago eta horregatik ez du krisia pairatu. Noski alderdi barneko gauzak beti eragiten dute, baina bestela ez.

 

KRISIA

«Jasaten ari garen krisi ekonomikoari aurre egitea izango da lehentasuna, gazteak gara kaltetuenak eta erantzun bat eman behar digute»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo