GARA > Idatzia > Euskal Herria

Haur ezinduen gurasoen hainbat taldek kolektiboa sortu dute

Ainize BUTRON

Ahalmen urritasunen bat duten pertsonen familiek eratutako hainbat elkartek batzea erabaki, eta Handik kolektiboa sortu dute. A.P.E.S. Côte Basque haur elkorren guraso elkartea, Irun, Hondarribi eta Hendaiako Aurreratu elkartea, Autismo TED Côte Basque, Chrysalide Trisomia eta adimen urritasuna duten pertsonen eta familien sostengu elkartea, eta Integrazio Batzordea dira Handik kolektiboan bildutako elkarteak.

Kolektiboaren bidez, ekintza bateratuak bideratzeaz gain, elkarren arteko trukaketa eta ezagutza erraztu nahi zutela jakinarazi zuten.

«Elkarte bakoitzak lan arlo zehatz batean lan egiten badu ere, arazo komunak ditugu. Elkartean bilduz ikuspegi orokorragoa ematen du, eta jendartearen sentsibilizazio lanean elkarturik indar gehiago ematen digu», argitu zuen Ladix Lanouguere-Arozagaray Integrazio Batzordeko arduradunak. Zereginetan, Handik-en bidez ahalmen urritasun egoeran daudenen garapena eta sozializazioa erraztuko zituztela argitu zuen, baita herrialde desberdinetako elkarteekin harremana sustatu ere.

Handik elkartearen izenean dagoeneko finkatu dute hitzordu bat. Urriaren 24an, Biarrizko herriko kasinoan jardunaldiak eginen dituzte, «Ahalmen urritasuna eta haurrideak» gaia landuz. Horrekin batera, gerora begira Handik elkarteak behatoki gisa jardun nahiko luke.

Lan mundua itxia

Hogei urte daramatzate lanean ahalmen urritasunean dirauten Chrysalide edo Integrazio Batzordea elkarteak. Aurrerapausoak eman badira ere, oraindik ere lan asko egiteko dela argitu zuten. «Eskolak ahalmen urritasunari buruz ireki dira, baina, esate baterako, lan mundua oraindik itxita dago», esan zuten.

Aurkezpena baliatu zuten, haurrak eskolatzeko orduan, ikasturte hasieran, familia askok izandako arazoak salatzeko. Laguntzaileen lana aitortzeko eskatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo