GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Historia luma bat da, airean dabilen hautsa

 

Azkenaldian Milan Kunderaren «Izatearen arintasun jasanezina» nobelarekin egiten dut lanerako bidea, Franz, Sabina, Teresa eta Tomasen bizitzetan sartuta, euren abenturetan harrapatuta, batzuetan, liburua uzteko penaz, irakurriz ibiltzea lortzeraino. Idazle txekiarrak berak kontatzen duenez, pertsonaia hauek gauzatu gabeko aukerak dira, berak hurbiletik ikusi dituen mugak pasatu dituzte eta mundua bihurtu den tranpa honetan pertsonak nola bizi garen ikertu du haien bidez.

Gaur goizean ere ideia bitxi batekin txunditu nau: unibertsoan bada pertsonak bigarren aldiz jaioko diren planeta bat. Beharbada, badago bertze planeta bat ere zeinetan denok hirugarrenez sortuko garen, aitzineko bi bizien esperientzien jabe. Baliteke planeta gehiago eta gehiago egotea, non gero eta helduago izanen garen. Jakina, lurtarrok, lehenbiziko planetako biztanle esperientzia gabekook, nekez irudika dezakegu zer gertatuko litzaigukeen hurrengo planetetan. Jakintsuagoak izanen ginateke? Egoerak eta bizipenak errepikatzearen errepikatzeaz heldu izatea lortuko genuke? Baikorrak bosgarren planetan odol gutxiago isuriko genukeela sinesten du; ezkorrak, ordea, ez du halako esperantzarik.

Ez dakit ni zer naizen. Alde batetik, baikorra, sekulakoa litzatekeelako aukera guztiak probatu eta emaitzak konparatu ahal izatea. Bertzetik, ezkorra, beldur naizelako konparaketa horiek txarrerako izanen liratekeen. Baina bueltatu nadin errealitatera, lehenengo aldiz jaiotzen garen planeta honetara, zeinetan historia pertsona baten bizia bezain arina den, hain arina ezen ezin dezakegun jasan, luma bat da, airean dabilen errautsa, bihar izanen ez dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo