Tabio: «Filmetan umorea txertatuz bizitzaren errealitate konplexua agertzea lortzen da»
Juan Carlos Tabio Kubako zinemagileak 1988an kaleratu zuen bere lehenengo filma, «Se permuta». Kubako kultuzko zuzendari bilakatu da. Biarritzeko jaialdian zinemagilearen obraren atzera begirakoa ere bada.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
1988an Juan Carlos Tabiok bere lehen filma, «Se permuta», aurkeztu zuen Biarritzeko Latinoamerikako jaialdian. Hogeita bost urte igaro dira geroztik, eta aurten, Biarritzeko jaialdiak bere obraren atzera begirakoa eskaintzea erabaki du. «Ohore handia da niretzat, kontuan izanda duela hogeita bost urte nire lehen lana hemen aurkeztu nuela», esan zuen atzo zuzendariak jaialdian egindako agerraldian.
«El cuerno de la abundancia» bere azken lanak zabaldu zuen jaialdia. Egiazko istorio batean oinarritua, filmean Tabioren lanetan nagusi den umorea agertzen da. «Umorea baliatzen dut errealitatearen gai nagusietan sakontzeko. Umorearen bidez bizitzaren irudi konplexua ematea lortzen da», argitu zuen. «Fresa y chocolate», «Guantanamera» eta «Lista de espera» proiektatuko dituzte ondoko egunetan Biarritzeko zinema-aretoetan.
Pelikula horiek guztiek nazioartean eta Kuban bertan izandako arrakasta goraipatu zuen jaialdiak. «Gizartearekiko maitasuna adierazten duten pelikulak dira. Filmak gizartearen errealitatean barneratu behar dira unibertsaltasuna izateko», azaldu zuen.
Askatasun espazioa
«El cuerno de la abundancia» film luzeen sailean lehiaketan dagoen pelikula da. Bertan, herentzia bat eskuratzekotan dagoen familia agertzen da. Gaiari dagokionez, Tabiok Kuban izandako gertakari batean oinarritu zela argitu zuen. «40ko hamarkadaz geroztik herentzia hori noizbait eroriko dela espero da», esan zuen. Baina, amets batean edo errealitatean oinarrituriko gertakari horretatik at, filmaren bidez, Kubako errealitatea «era probokatzaile» batean azaltzea da xedea. «El Cuerno de la abundancia»k errealitatean lor ez daitekeena ametsen bitartez lortzeko aukera aipatzen du. «Kubako zinema sortu zenetik, pelikulek kritika garratzak egiteaz gain, probokatzaileak eta gogoeta eragiten dutenak izan dira beti. Badago, Gobernuak diruz lagundutakoak izan arren, zineman, antzerkian eta literaturan askatasun eremu bat. «Muerte de un Burocrata» filmaz geroztik horrela izan da beti», goraipatu zuen, azkenik, Tabiok.