Joxe Iriarte «Bikila» Idazlea
Aiako Harria parke naturalean autodromo bat?
Zeinek baimendu du horrelako astakeria? Diputazioak, udaletxeak, denon artean osatzen duten erakunde kudeatzaileak?
Duela hogei urte, Aiako Harriaren magalean dagoen Arditurriko gunea meategietako hondakin kutsagarriz gainezka zegoen. Askotan bezala, meategiaren jabeak ustiatu zezakeen guztia eginda, alde egin zuen hondakinak agerian utzita. Parke natural izendatu zutenetik, eta meategia eremu publiko bihurtu, ustiaketa pribatuak sorturiko kalteak konpontzen egindako lana txalotzekoa da. Bakoitzari berea, hori gizalegea! Horrek ez du esan nahi dena ondo eta egoki egin dutenik. Badago zer eztabaidatu eta kritikatu ere. Bi adibide: ondo dago meategi zulo batzuk bisitarako egokitzea eta interpretazio zentro bat eraikitzea; alabaina, ez zait ondo iruditzen autoz ia bertaraino iristeko aukera eman izana. Batez ere asteburuetan, Horretarako, askoz egokiagoa deritzot oinezko edo bizikleta txangoak bultzatzea, eta ezin dutenentzat soil-soilik, Ergoieneko aparkalekutik mikrobusa jartzea (sarrera txartela eta mikrobusa prezio berean). Gauza bera esango nuke interpretazio zentroaren goiko gainean jarritako eskulturaraino egindako zementuzko bideaz. Lehendik zegoen pista zertarako zementuzko bihurtu?
Dena den, bi adibide horiek eztabaidagarriak direla jakinik, eta denetarako usteak egon daitezkeelarik, nirea ematen dut eta kito. Alabaina, ez diot ez hankarik ez bururik ikusten (eta dagokionari eskatzen diot horren zergatia argi diezadan) Otsamantegiko hondakindegia 4x4 autodromo bihurtzea.
Bere garaian eztabaidatu zen Otsamantegiko hondakindegia berreskuratzeko zein izan zitekeen modurik onena: adibidez, lurrez estaltzea eta zuhaitzak landatzea, edota zertxobait txukuntzea, batez ere uraren kutsadura ekiditeko, baina oro har zegoen bezala uztea naturak eta urteek bere lana egin zezaten. Bigarrena aukeratu zen. Pixkanaka, oteak, zenbait belar mota hasiak dira txertatzen eta zabaltzen. Duela hilabete bat, harri eta zur utzi ninduen Otsomantegiko goiko gainak gurpil arrastoz beteak zeudela eta zenbait tokitan belar geruza eta zorua dezente urratuak ikusteak. Nire buruari esan nion: mendia izorratzea bost axola zaien motorzale batzuk izango ziren. Handik gutxira ikusi nuen sarbidea burdinazko langa batez itxi zutela. Nire buruari esan nion: udaletxekoak ohartu dira eta langa jarri dute. Ondo egina. Nire pozak gutxi iraun du. Nire harridura, are amorrua, langa irekia ikusi dudanean eta sei 4x4, denak modelo berekoak eta igualtsu pintatuak, han bertan ikasketa edo entrenamendu saioak egiten. Alegia, Otsomantegi guztia, rally edo moto probetan bezala, plastikozko zintaz markaturiko ibilbide bihurri baten barruan, sei 4x4 auto gora eta behera, jo eta su. Nola liteke parke naturalean eta natura berreskuratzeko utzitako toki bat autodromo bihurtzea? Zeinek baimendu du horrelako astakeria? Diputazioak, udaletxeak, denon artean osatzen duten erakunde kudeatzaileak?
Ez dakit behin-behineko edo behin betiko erabakia den. Alabaina, gutxienez azalpen bat emateaz gain, Oiartzungo herriari galdeketa bat egitea eskatuko nuke. Erabakitzeko eskubidea gauza handietarako eta txikietarako.