GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarrek erabakiko dute zein den Hernanik behar duen ekipamendua

Hernaniarrak izango dira herriak behar dituen ekipamenduak erabakiko dituztenak azaro amaieran egingo duten herri kontsultaren bidez. Kultur gunea, igerilekua edota bi plazen eraberritzearen artean erabaki beharko dute eta garaile ateratzen dena eraikiko da.

p014_f01_312x312.jpg

Oihana LLORENTE

Azaroaren 23tik 29ra Hernaniko herritarrena izango da hitza eta erabakia, beraiek izango baitira, aurrekaririk ez duen parte-hartze prozesu baten bidez, Hernanik behar duen ekipamendua hautatuko dutenak. Herriko alkate Marian Beitialarrangoitiak gainera, herritarren erabakia Udal Gobernuarentzat «mandatu» dela sostengatu zuen herri kontsulta aurkezteko agerraldian, eta bozik gehien eskuratzen duen ekipamendua «egin egingo dela» ziurtatu zuen.

Egitasmo hau Hernaniko Udalak daraman parte-hartze ildo orokorrago baten baitan kokatu zuen alkateak, eta azken bi urteetan herritarren parte-hartzea sustatzeko Hernaniko Udalak martxan jarritako hainbat dinamika ekarri zituen gogora, hala nola dirulaguntzak banatzeko araudiak, udal aurrekontuak zehazteko edota Topagune Berdea abiatzeko prozedurak.

Finean, Beitialarrangoitiaren hitzetan, «demokrazia kontu bat da; edo herritarren parte-hartzean sinesten dugu edo ez dugu sinesten». Haren iritziko, Hernanik etorkizuneko erronkei erantzungo badie, lana egiteko modua berritu behar du; eta horretarako, «erabaki prozesuetan herritarrak aintzat hartuko dituen ordezkari politikoez gain, kexaren kulturaren mugak gaindituta, ongizate komunaren bila arituko diren herritarrak» behar direla nabarmendu zuen.

«Hernanipolis» izenez ezagutzera eman den parte-hartze prozesuan urtebete darama murgilduta Hernaniko Udalak, eta denbora honetan guztian, herritarren iritzian oinarrituz, herriak dituen ekipamendu beharren azterketa egin dute. Lehen fase honetan, hiru ekipamendu lehenetsi dituzte herritarrek, eta atzo abian jarritako bigarren fasean, herri kontsulta bidez, hiru aukera horietatik lehentasunezkoena zein den itaunduko diete herritarrei.

Herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko herri kontsultak astebeteko iraupena izango du, eta Biteri kultur etxean izango da. Ordutegia ere aurreratu zuten atzoko agerraldian: astelehenetik ostiralera; 9.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 20.30era; hilaren 28an, larunbatean, 10.00etatik 13.00etara eta arratsaldean, 16.00etatik 20.00etara. Igandean izango da boza emateko azken eguna 9.00etatik 14.00etara.

Herri kontsulta loteslea izateko, 16 urtetik gorako hernaniarren %20k parte hartu beharko duela adierazi zuen alkateak.

Alkatearekin batera, Juan Ignacio Arrieta Parte-hartze saileko zinegotziak eskaini zuen prentsaurrekoa, eta Hernaniko ekipamendu beharrak aztertzeko parte-hartze prozesu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren «Kudeatuz» egitasmoaren baitako dela azaldu zuen. Lehen fasean, Siadeco ikerketa aplikatua egiten duen enpresak gidatuta, herritar guztiei zuzendutako hiru bilera izan dira eta bertatik atera dituzte orain aukeran dauden hiru ekipamenduak: Kulturgunea, igerilekua edota Gudarien plaza eta Ezkiaga pasealekua eraberritzea.

Orain, herritarrek boza emateko informazioa izan dezaten komunikazio kanpaina abiatuko da, ekimenen artean, etxe guztietara liburuxka bat bidaliz, irrati eta prentsan iragarkiak jarriz, eta horiez gain, erakusketa ibiltari bat ere antolatu dute.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo