Ariane Kamio Kazetaria
Bederatziak igaro ostekoak
Bederatzi eguneko joan-etorria amaitu da eta harekin batera, zinemazaleen paradisua. Bederatzi eguneko maratoi iraunkorra, aretoko eserlekurik gogokoena begiz jota edukita, etxeko sofan baino erosoago sentitu zarenekoa. Bederatzi eguneko estresa; zinematik atera eta prentsaurrekora, handik elkarrizketara, eta buelta zinemara, erredakzioko lanari ekin aurretik. Bederatzi eguneko zirrara, ikusmira, harridura eta gazi-gozoa. Bederatzi eguneko «denetarikoa». Eta akabo Zinemaldia.
Hasieratik jakina zen aurtengo edizioa krisiak gogor astinduko zuela eta, zuzendaritzatik guztiz kontrakoa aurreikusten bazuten ere (kalitate bera izaten jarraituko zuela errepikatu zuten behin eta berriro), argi geratu da ez diola ikusleriari aurpegirik goxoena erakutsi, nahiz eta ahalegina berebizikoa izan den. Brad Pitt eta Quentin Tarantinoren etorrerarekin «leherrarazi» zuen Zinemaldiak 57. edizioa. Lehenengo egunean ez ezik, bezperatik hasi zen motorrak berotzen Tarantinoren iritsierarekin; lehenengo jardunaldirako gorde zuen aktore estatubatuarraren bisita, eta glamourrik ez dakit, baina ikusmina piztea behintzat aski erraz lortu zuen.
Aurreneko egunetik, baina, beheranzko joera izan zuen eta, hasierako «eztandatik», kriskitin hotsetarantz joan zen apurka-apurka. Ian McKellenek jaso Donostia Sariak esperientzia eta jatortasuna eman zizkion Zinemaldiari baina, gainontzean, ez zen beste orbitako izarrik ikusi alfonbra gorriaren gainean.
Sail Ofizialak ere ez zuen berebiziko kalitaterik izan; kasu gehienetan, filmen kalitate eskasa izan zen nagusi, edota gidoiek zekarten konplexutasunak itzaltzen zituzten. Kritikariek ezarritako puntuazioei erreparatzea besterik ez dago. Horri gehitzen zaio, gainera, Pablo Pinedari Zilarrezko Maskorra eman izana, meriturik kendu gabe, Robert Duvall edo Ricardo Darin aktoreen lana hutsean utzi zuena. Erraztasunean erortzeko tentazioa izan zuen, eta barruraino erori zen Zinemaldia. Datorren urtean zer ekarriko ote?