Kubako zinema dakar Bilbora Cine Invisible jaialdiaren lehen edizioak
Cine Invisible-Film Sozialak jaialdiak baliabide ekonomiko urriekin egindako zinema eskainiko du Bilbon, bere lehen edizioan, eta Kuba ekarriko du pantailetara, bertako ICAIC zinema institutuak 50. urtemuga ospatzen duela baliatuta. Horretarako, Mirtha Ibarra (Titon zuzendari ospetsuaren alarguna) eta Eslinda Nuñez antzezle eskarmentudunak gonbidatu ditu, filmak aurkez ditzaten. Etzi hasi eta urriaren 8ra arte emanaldiak izango dira Capitol zinemetan.
Anartz BILBAO | BILBO
Kubako Humberto Salas jaialdiaren ildoari jarraituz, Bilbon lehen aldiz, baliabide ekonomiko urriak dituzten herrietako zinemari eskainitako jaialdia antolatu dute. Cine Invisible-Film Sozialak izenburupean, lehen edizio hau Kubako zinemagintzari begirakoa da, ICAIC Kubako Arte eta Zinema Industriaren Institutuaren 50. urteurreneko ospakizunekin bat eginda.
Jaialdiak iragan irailaren 14tik datorren urriaren 8ra bitarte iraungo du, baina orain arteko erakusketak atzean utzita, etzi abiatuko dira zinema emanaldiak Bilboko Capitol zinematan. Aurretik, eta sarrera gisa, kontzertua antolatu dute Bilboko Kafe Antzokian -21.15ean eta 5 euroren truke-, Hawa Dj, Endika «La Haine», Salbuespunk eta X Alfonso kubatarraren partaidetzarekin. Duela gutxi Habanan Juanesek antolatutako bakearen aldeko kontzertuan parte hartutako azken honek dokumental bat ere zuzendu du, jaialdian herenegun erakutsi zutena.
Etzi, ostirala, hasiko dira emanaldiak Capitol zinemetako hirugarren aretoan, emanaldi bakarrean asteburuan eta emanaldi hirukoitzean aste barruan. Lehenengo egunean Miguel Fernandezen «50 sueños», Santiago Alvarezen «Now» eta «Titon, de La Habana a Guantanamera» dokumentalak eskainiko dituzte, baita «Filminuto cap. 1» animaziozko filma ere.
Larunbatean, urriak 3, Humberto Solasek zuzendu «Lucia», iaz berrogei urte bete zituen film historikoa. Eta igandean berriz, Santiago Alvarezen «LBJ» dokumentala eta Tomas G. Alea eta Jan Carlos Tabioren «Fresa y chocolate» ospetsua.
Astelehenetik aurrera, osteguna heldu bitarte, hiru emanaldi izango dira, 17.00etan, 19.30ean eta 22.30ean. Astelehenean bertan, Manuel Perezen «Paginas del diario de Mauricio», Juan Carlos Tabioren «Dolly Back», Fernando Perezen «Suite Habana» eta «La bella del Alhambra» proiektatuko dituzte, eta asteartean Gerardo Chijonaren «Adorables mentiras», Pastor Vegaren «Retrato de Teresa» eta Tomas Gutierrez Alearen «Memorias del subdesarrollo».
Asteazkenean berriz, Orlando Rojasen «Papeles secundarios», Tomas Gutierrez Alearen «Los sobrevivientes» eta Juan Carlos Tabioren «Se permuta». Eta bukatzeko, ostegunean Humberto Solasen «Un hombre de exito», Juan Padron eta Quinoren animaziozko «Quinoscopios cap. 2», Olmar Proenza eta Jesus Rubioren «Filminutos cap. 67», Juan Padronen «Vampiros en la Habana», Gerardo Chijonaren «El desayuno mas caro del mundo» eta Tomas Gutierrez Alearen «La muerte de un burocrata».
Capitol zinemetan haurtzaindegi zerbitzua izango da emanaldiek irauten duten bitartean, eta «Fresa y chocolate» filmak audiodeskribapen sistema izango du, itsuek ere «kubatarrek homosexualitateaz zuten iritzia aldatu zuen pelikula» -Mirtha Ibarraren esanetan- gozatu ahal izan dezaten.
Antzezle kubatarrak
Atzo jaialdia aurkezteko egin zen prentsaurrekoan Mirtha Ibarra eta Eslinda Nuñez eskarmentu handiko antzezleek parte hartu zuten, «Kubako zinemagintza gizonek zuzendua izan bada ere, emakume antzezleak baititu ospetsuen», antolatzaileen esanetan. Izan ere, Juan Padron, Humberto Solas, Juan Carlos Tabio eta Tomas Gutierrez Alea «Titon» dira jaialdiak erakutsiko dituen film gehienen zuzendariak, eta beraiekin lan ugari egindakoak dira Nuñez zein Ibarra -azken hau Titonen alarguna ere bada-.
Ibilbide luzeko antzezle, Daisy Granadosekin batera «Kubako zinemaren aurpegi ezagunenetarikoak dira eta jaialdian ikusi ahal izango diren film guztietan presente dago hiruretako bat», esan zuen ICAIC elkarteko ordezkariak atzo, Ibarra eta Nuñez aurkeztu zituenean. Karibeko uhartean egiten den zinemaz harro, «lan barnerakoiak dira, kubatarrentzako eginak eta Kubako bilakaera guztia; gizartea, kultura eta historia ulertzeko» egokia. «Parada egokia da beraz honakoa, Euskal Herrian Kuba hobeto ezagutzeko», esan zuen antzezleei hitza eman aurretik.
«Jaialdiak bide berriak irekitzen dizkigu», adierazi zuen «Lucia» filmeko antzezle Nuñezek hasteko, «promozio, banaketa eta hedatze arazoak baititu kubatar zinemak». «Fresa y chocolate» eta Adorables mentiras» filmetan lan egindako Ibarrak berriz, bere senarrari eskainitako lana aurkeztu zuen, «non Titonek berak bere lanak aurkeztu digun, eta estetika zaintzeaz aparte pentsatuarazi».
Data: Urriaren 2tik 8ra.
Tokia: Capitol zinemetako hirugarren aretoa (Bilbo).
Ordua: urriaren 2tik 4ra emanaldi bakarra, 17.00etan. Urriaren 5etik 8ra hiru emanaldi, 17.00etan, 19.30ean eta 22.30ean.
Sarrera: 3 euro.
Informazio gehiago:
Mirtha Ibarra eta Eslinda Nuñez izango dira filmak aurkezten. Gainera, zinematan haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute (16.30-21.30) eta «Fresa y Chocolate» filmaren emanaldian itsuentzako audiodeskribapen sistema izango da.
Bihar:
21.15ean Kafe Antzokian (5 euro):
Hawa DJ + Endika «La Haine» + Salbuespunk + X Alfonso.