Kronika | Ikasleen eta Nobel saridunen arteko topaketa
Jakin-minak eta zientzian hartutako eskarmentuak elkar aberastu zuten
Atom by Atom kongresuaren bigarren egunean Nobel saridunak eta ikasleak bildu ziren, hau da, oraina eta etorkizuna. Harold Kroto eta Heinrich Rohrer, Kimika eta Fisikako saridunak, hurrenez hurren, gazteekin mintzatu ziren zientziaren ibilbide luzean eman beharreko urratsez. Ikasleak gustura, ikertzaileak ere bai, egunero ez baita topatzen ezagupen gosez dauden ikasleez betetako gela parean.
Oihane LARRETXEA
Urduri. Hala aurkeztu ziren atzo Zientziaren Kutxaespazioan egindako bilkura berezira ikasle asko. Aspaldiko Nobel saridunekin elkartu ziren ikasleak, eta seguruenik azken aste hauetan maiz mintzatuko ziren egun honen gainean. Hamarrak eta laurden jotzerako gehienek eskuratu zituzten itzulpenerako gailuak. «Nola erantzungo ote dute?» edota «Ulertzen ez dudan zerbait erantzuten badit zer aurpegirekin begiratu behar diet?», halakoak ziren sarreran entzuten ziren galderak, irakasleak «hauek ohituta daude eta ulertzeko moduan erantzungo dute» esanaz lasaitzen saiatzen ziren bitartean.
Atzokoan, ordea, zalaparta egundokoa zen. «Zer gertatzen da gaur hemen?», galdetzen zuen gizon batek harrituta. Ikasleak bai, baina hain larri ikustea ez da ohikoa.
Horretan, edozein bisitari bezala eta familiaz inguratuta iritsi ziren Heinrich Rohrer eta Harold Kroto Nobel saridunak Kutxaespaziora. «Begira, horiek dira ezta?», galdetzen zuen neska batek, ikertzaileen patxada ikusita.
Bilkurara sartu aurretik galderak errepasatzeko tartea hartu zuten batzuek, hain deserosoak diren tripa-zorriak eragozteko hamaiketakoa jateko beste batzuek... Jarritako ordua pasata sartu ziren arrapaladan gelara. Harold Kroto Kimikako Nobel saridunari egokitu zitzaion bere esperientziaren berri ematea lehenik, eta aurreko egunean kongresuaren irekiera ekitaldian egin zuen moduan, era entretenitu eta umoretsuan azaldu zituen bere hastapenak zientzian.
Bere bizimoduaz mintzatu bai, baina batez ere aholkuak eman zituen Kimikako saridunak: «Aurkikuntza gehienak kasualitatez gertatzen dira, zerbaiten bila zabiltzala, beste zerbait topatzen da bidean».
Nobel saridunen parez pare egoteak gazteengan errespetua eta miresmena sortu zuen aldi berean, eta gutxik kendu zituzten begiak aurrez aurre zutenaren gainetik, halako saria ez baitu edonork eskuratzen. Baina Kroto zuhur azaldu zen: «Saria zure ibilbidea aintzat hartzea besterik ez da, ez ezazue lana horregatik egin, zientziagatik sentitzen duzuen maitasun eta grinagatik baizik, ez utzi ospeak itsu zaitzaten».
Zientziaren zurruntasunarekin hausteko asmoz, Rohrer entretenimendu eta gozamenaz mintzatu zen, izan zientzian edo izan bestelako esparruetan: «Ez du axola zer egiten duzuen, nola egiten duzuen baizik. Garrantzitsuena gozatzea da, zuen trebetasunak garatzen dituen hori egiten ari zareten bitartean ezagupenak eskuratu eta gogoz saiatzea helmugara heltzeko» gomendatu zuen Fisikako Nobel saridunak.
Zalantzak eta beldurrak
Atzoko entzule gazte asko aurki Unibertsitatera joango dira estreinakoz, zientzia ikasketak hasteko gehienak, eta ulertzekoa zen azaldu zituzten zalantzak eta beldurrak. Kroto eta Rohrerek jarrera ulerkorra azaldu zuten uneoro, «ez baitu inork esan zientzialariaren bidea erraza izango zenik». Prozesua oso luzea dela azaldu zuten Nobel saridunek, eta lehen saiakeretan emaitzarik lortu ez-eta errenditzea «azken aukera» dela esan zuten ozen, eta aholku bat plazaratu zuten: «Zuen buruari bi galdera egin behar dizkiozue ikerkuntzari ekitean: lehenik eta behin `zer aldatuko litzateke nire bizitzan helburua lortuko banu?' eta bestetik `Nola lor dezaket nire ametsa?'».
Aipatutako ametsa lortzeko, ordea, askotan bizitza osoa eskaini behar zaio lanari, eta alderdi honek bereziki arduratu zituen ikasleak. «Ikerkuntzara zuek bezainbeste urte eskainiz gero, nola bateratu ditzaket lana eta bizitza pertsonala?» galdetu zuen neska batek. Krotok erantzuna eman aurretik, lehen ilaran eserita zuen emazteari begiratu zion: «Onartuko dut ez dela erraza izan bi bizimoduak erantzukizunez aurrera eramatea. Nire seme-alabek askotan txatxetan `Aita, oroitzen al zara seme-alabak dituzula?' galdegiten zidaten, baina ulerkorrak izan dira beti». «Gainerakoan -jarraitu zuen- argi izan behar duzue ordu gutxi egingo duzuela lo, leku batetik bestera bidaiatu beharko duzuela eta oso lehiakorra dela mundu hau».
Lehiakortasunaz mintzo, mutil batek ardura azaldu zuen, norgehiagoka dela-eta. «Lehiakortasuna hitz garrantzitsua da, baina hutsala. Helburuak ez ezarri besteen arabera, albokoa hondoratzeagatik, norberarengatik baizik, zuek baitzarete zuen erdigune. Ez mundukoa, baina bai zeuen buruarena» aholkatu zuen hitz samurrez Rohrerrek.
Amaierarako urduritasunak guztiz lasaituta zeuden eta guztiak zeuden galdera egiteko gogoz zain. Askok argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten, beste batzuk entzundakoa idatzi eta idatzi ari ziren... eta liluratuenak eskuak ere mugitzeko gaitasunik gabe, etorkizun hurbilean beharko dituzten aholkuak entzuteko lepoa tente luzatuta. Akaso zientziaren grinak bateren bat bete-betean harrapatu du.