GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

TRONTZA Euskal Herriko finala

Esnaola anaiak nagusi, final estu bezain ikusgarri batean

Gipuzkoarrek jantzi zuten txapel preziatua, baina bost segundoko tartea besterik ez zieten kendu beste faboritoei, Barberenatarrei, alegia.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aitor eta Igor Esnaolak irabazi zuten larunbat arratsaldean Berriozarren jokatu zen Euskal Herriko Lehen Mailako trontzalarien finala. Legorretako anaiek Barberena anaiak dituzte aurkaririk gogorrenak, eta hori argi eta garbi ikusi zen larunbateko finalean, bi bikoen artean bost segundoko aldea besterik ez baitzen izan.

Guztira sei biko lehiatu ziren, kanporaketan txartela lortutako seiak. Biko bakoitzak 60 ontzako enbor bati hamar epai etzanda eman behar izan zizkion, eta kana-erdiko bati, berriz, sei zutik eta beste horrenbeste etzanda.

Saioa hasi aurretik ere Legorretakoak eta Iraizotzekoak ziren faborito, bien artean sekulako dema dago azken urteetan, eta ikuskizun polita eskaini zuten larunbateko finalean ere, ia azkenera arte izan baitzen emozioa. Amaieran, ordea, goierritarrak izan ziren nagusi eta Ultzamakoek burua makurtu behar izan zuten.

Emozioa, ordea, ez zen izan lehen posturako lehian soilik, hortik atzera ere ikaragarrizko dema izan zen. Bertizek eta Urrutiak lortu zuten hirugarren postua, eta laugarrenei ia minutu bat kendu zieten. Hortik atzera, ordea, tarteak txikiak izan ziren. Aizkorbe-Cano sailkatu ziren laugarren, baina 24 segundora izan zituzten bosgarrenak, eta 26 segundora, berriz, seigarrenak. Azken bi bikoen artean, berriz, segundo bakar bateko aldea besterik ez zen egon. Emoziorik ez zen falta izan beraz.

Txinga eta harri-zulatzea

Euskal Herriko Txinga Txapelketa ere jokatu zen Berriozarren bertan, eta Agirregabiriak eraman zuen txapela. Bederatzi partaide izan ziren, eta bakoitzak 50 kiloko txingak eskuetan hartu eta ahalik eta plazarik gehien egitea zen lehia.

Agirregabiria izan zen onena, eta berak 826,60 metro egin zituen. Bigarren sailkatu zen Hierro 572,13 metro eginda, eta hirugarren, iazko txapelduna izan zen, Sukuntza, alegia. Aresokoak 559,18 metro egin zituen.

Harri-zulatzaileen Binakako finala ere herenegun jokatu zen, eta Murueta-Serrano izan ziren nagusi, 17 zulo eta 6 zentimetro eginda. Bigarren sailkatu ziren Merino eta Calleja, eta hauek 15 zulo eta 4 zentimetro egin zituzten. Hirugarren, berriz, Gil eta Gomez izan ziren, eta hauek 13 zulo eta 3,5 zentimetro egin zituzten. Laugarren izan ziren Berridi eta Isuzkiza, eta hondarribiarrek 13 zulo eta 2 zentimetro egin zituzten. Bosgarren Arko eta Gutierrez izan ziren 12 zulo eta 5,9 zentimetrorekin, eta azkena, berriz, Aia eta Lizarribar, Jaizubia taldekoak, 11 zulo eta 75 zentimetrorekin.

lehia handia

Legorretakoak eta Iraizozkoak dira trontzako bi bikorik onenak. Besteen gainetik daude, baina bien arteko tartea oso laburra da. Horren erakusgarri izan zen larunbateko finala.

Emozio handia

Bi onenen artean bakarrik ez, gainerakoen artean ere emozioa sekulakoa izan zen, eta amaierara arte ezin izan ziren postuak finkatu. Azken bien artean, esaterako, segundo bateko tartea izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo