GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

BERRIA Xabier Lekuona 2009/10/8

Kalkulagailua

Hemen euriari zirimiri deitzen zaio. Kirolariak animatzeko, hemen, aupa esaten dugu. Eta dugun egoera politikoari, hemen, gatazka deitzen diogu. Hego Euskal Herrian beti kanpainan gaudenez, eta jadanik udaletarako hauteskunde kanpaina ofizialki hasi denez, alderdi gehienek hauteskundeetako kalkulagailua atera dute, eta hemen, beste edozein herritan bezala, horri kalbarioa deitu beharko litzaioke.

Sanzen kalkulagailuak CDNkoak garbitu ditu Foru Gobernutik. PSNk -haren tramankulua Madrilen dago- agindu du NaBai botako duela Erriberriko eta Burlatako udal gobernuetatik.

Rubalcabak, gutxienez, bi kalkulagailu erabili ohi ditu: hauteskundeetakoa eta bestea. Biak martxan jarrita, lehen mitina Hernaniko udaletxean emango ote duen susmoa indartzen ari da. Gasteizko Legebiltzarrean egin bezala, udal gobernu taldeez gizentzeko, ezker abertzalea plano publiko eta mediatikotik jokoz kanpo uzteko eta, oro har, abertzaletasuna ahultzeko.

Ezker abertzalearen kalkulagailuari hostoak erortzen hasi zaizkio, iragarritako udazkena atzeratzen ari baita egunotako hego haizea dela eta. EAJk, ordea, ez du arazorik; Madrilgo aurrekontuak izan edo beste gairen bat, betiko kalkulagailuan zeroak ikusi nahi ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo