GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

DEIA Rikardo Arregi 2009/10/7

Eskandalu merkeak

Jende asko eskandalizatu da (asko) Goirigolzarri jaunaren erretiroa dela eta. Moralik gabekoa dela esan dute (...). Rosa Díezek obszeno hitza erabili zuen, Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia, Europako parlamentari ohia eta Espainiako diputatu ez ohia eta kargu horiei dagozkiokeen diru sarrerak bere gorputzarekin batera eramango dituela betiko ahaztu zuelarik bat-batean. Gutxi batzuei, haien buruak liberal izendatzen dituzten horiei hain zuzen ere, ondo, natural, normal iruditu zaie Goirigolzarri jaunarena, azken finean, diote, BBVA txiringito (enpresa, barkatu) pribatua da eta nahi duena egin ahal du bezero eta akziodunak kexatzen ez badira behintzat; Goirigolzarri jaunak, gainera, izerdia bota du, eta nola, bankua aurrera eramateko eta merezitakoa baino ez du jasoko. (...).

Aitortu behar dut ni ere eskandalizatu nintzela hasieran, buruan zenbaki helezin horiekin kontuak egiten saiatzen nintzen bitartean, baina gero pentsatu nuen normal, natural dela dena. Ahantzi dugu non bizi garen, zein den sistema hau? Kapitalismoan bizi gara, jaun-andreok, turbokapitalismoan, Iban Zalduak askotan esaten zuen moduan, eta gauza hauek, banku jabeek dirutza irabaztea, adibidez, normalak dira, naturalak.

Kapitalismoan gutxi batzuek asko irabazten dute eta gehienek gutxi, kapitalismoan lapurreta sistematikoa (eta legala, jakina) baimendurik dago. Zertarako hainbeste eskandalu merke orain? Duela urtebete baikorrek kapitalismoaren bukaera iragarri zuten, eredu eta sistema aldaketa eta abar, baina denak berdin segitzen du, betiko moduan, natural, normal, kapitalismoaren gripetxoa sendabidean da. Agian Goirigolzarri jaun gehiago behar dugu gure egoeraz eta sistemaz benetan ohartzeko. Agian ez dugu gehiegi jakin nahi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo