GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Funtsak funtsean funtsik ez

Herenegun bazkalostean lantegiko komun handiko konketaren aurretik arin batean pasatu behar izan nuela iragarki batek erakarri zuen nire arreta. Eta hauxe zuen letra larriko izenburu: «Eskuak behar bezala garbitzeko jarraibideak». Ostia! pentsatu nuen neure barruan, komun txikira sartzean. Atea barrutik itxi, patxadaz jesarri, indarra gogoz egin eta barrena husten nengoela burua lanean ipini nuen izenburu haren mezua argitu gurarik. Eskuak behar bezala garbitzeko? Atoan, momentuan, etorri zitzaidan burura egunotan Istanbuleko goi-bilerara bildu diren pirata horiena. Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua batu dituen goi-bilerakoa. Tira! batu baino egokiagoa litzateke bildu esatea, jatorriz daudelako horiek bat eginda, Sodoma eta Gomorra zeuden moduan, Barne Saila eta Eudel dauden moduan. Harira! ea zentratzen naizen behingoz! Bai, bildu, hiri hartara bildu dira erakunde horietako lehorreko piratarik handienak, arraina baino gehiago haragia amesten dutenak; batetik, funtsean, funtsik gabekoa den Funtsa, eta bestetik, Munduarena ez baizik Mundukoa den Bankua. Nazioarteko Banku Funtsa sortzeko asmoz edo bildu, beti ere kapitalismoa zaharberritzeko duten premiazko pandemiaren barruan. Horrela, Funtsa horretako erakunde bateko piratek eskatu erreskatea Funtsa bereko beste erakunde batek kobratuko du, beti ere Funtsa bereko beste erakunde baten bitartez. Eskalako ekonomia deitzen diote horri eskalako ekonomiaren babesleek. Total, non nintzen ni? bai, bada, gogoratu berri dut; Istanbulekoa etorri zait gogora eskuak garbitu beharraren kontuak bultzatuta, munduan diren arazo nagusien aurrean goi-bilera hartan eskuak hamaika bider garbituko dituztelakoan. Eta ulertzekoa da, azken finean eurek sortuak baitira besteon arazook. Tira, normala izan da Istanbulen istiluak izana, izenak izana eskatzen baitu. Barrena nahiko hustuta neukala, ez guztiz ordea, papera hartu eta, aurrera papera atzera papera, herbehereak txukundu nituen papera erreziklatzeko ezina utzi arte. Zutitu, atea ireki eta konketaren aurrean, orduan bai, lasai batean pasatu nintzela aukera izan nuen iragarkiaren letra txikerra irakurtzeko: «Esku-barrenak igurtzi, hatz lodien inguruak ere bai...» monarkak Gasteizen erakutsitako hatz luze hura etorri zitzaidan burura. A ereduko gripeaz zen kartela. Kaka berria! Nik han utzia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo