Kepa Alberdi Egaña «Maxixatzen», Azkoitiko herri aldizkariaren kolaboratzailea
Informazioaren kudeaketa boterea da
Euskal Telebistan albistegiak aurkezteari utzi diote Maddalen Iriarte, Maribel Aizarna, Ainhoa Larretxea eta Juan Carlos Etxeberria kazetariek. Horrela zioen albisteak, horrela gertatu da, horrela berpiztu dira aspaldiko portaerak... eta inor ez gara harritu. «Brunete» mediatikoak urrezko tronutik horrela agindu du solemnitatez. Hori izan da, eta da hauen estiloa, zentzura sibilinoaz baliatuz. Berdin zaio profesional onenak badira ere, ondo demostratua duten bezala hainbeste urtetan, aitaren batean erabaki dute euren estrategian kabidarik ez dutela. Ideien ehizan dabiltzan honetan informazioa boterea da, eta honek, pentsamendu kudeaketan monopolioaren jabe behar du, iraungo badu.
Eta gu engainatzea erraza da. Morrontzan lana egiten duten kazetariek, errepikapenaren errepikapenez, ongia eta gaizkia manipulatzen dituzte, norberaren zilborraren begira jartzen gaituzten bitartean. Kontzientziak ahultzeko teknika egokiak dituzte eta arrazoitzeko gaitasuna mugatzen digute. Nahi dutena pentsatzera behartu ez ezik, nahi duten bidetik ere eramaten gaituzte, keinu kalkulatuaz, sistemak bere horretan funtzionatzen jarrai dezan. Berdin dio argudio kaxkar edo arrazonamendu hutsalaz baliatzea, edonola ere, sineskeriaz elikatzen gaituzte. Euren helburua ez da errealitatea islatzea, errealitatea sortzea baizik. Oso erakargarria den gezur batek itzalik handiena egin diezaioke egia bati, eta guk, ikusten dugun munduan soilik sinesten dugu, betikoek idatzitako gidoi horri jarraitu baino ez dugu egiten. Hau entzun eta hura ikusi, pixkanaka gure pentsamendua eta izaera domestikatuz doaz, munduaren balizko imajina moldatuz, gure iritzia osatuz.
Egiaren pulpitutik hitz egiten digute, baina gezurra ari du, desinformazioa euren beste tresna bat da. Interesatzen zaien informazioa moldatu, makillatu eta egia monolitiko bat bezala txertatzen dute gure kontzientzietan, sofan lasai eserita gauden bitartean.
Anestesiatuta, amnesia egoeran bizi garela dirudi. Egunero telebista dosi baten beharrean egoten gara. Burdinazkoak ez diren beste kate batzuez lotu gaituzte. Narkotizantea da, absurduaren absurdu, nora ezean galtzen gara, mundu birtual honetan tentelak edo idiotak bezala tratatzen gaituzten bitartean. Lozorroan gaude, telebistaren arrakasta gure geldotasunari zor zaio. Sentsazionalismoaz itsutzen gaituzte, bulgaritate inozoan biziarazten, plastikozko arimaren jabe egin gara. Gure pasibotasunak muga guztiak gainditu ditu eta telebistaren aurrean zergatik esertzen garen ere ez dakigu.
Bien bitartean, bonbardaketa mediatikoak belaunaldi autista sortu du, gizarteari ahaztu egin zaio neurri handi batean «kuestionatu» hitzaren esanahia ere. Kontzientzia kritikoa ezabatzen ari dira. Ematen dizkiguten mezuak harridura txikienik gabe onartzen ditugu, sinesgaitza baita zentzurik ez duen zenbat baieztapen sinesteko gauza garen, inolako zalantzarik izan gabe. Hauxe da gezurrezko errealitate batean bizi garenon egia.
Norberak sortu behar du bere iritzia, baina gaur da eguna ikusi eta entzuten dugun guztia geureganatzen duguna osorik, oso bestelakoa den errealitateaz jabetzeko gutxieneko mezuak filtratzea ere ahanzten zaigun bitartean.
Hau guztia ez da berria, baina merezi du gogoratzea.