GARA > Idatzia > Mundua

Hamaika soldadu hil dira, Haitin, hegazkin istripu baten ondorioz

Nazio Batuen Erakundearen Egonkortze Misioaren hegazkin batek jasandako istripuan hamaika soldadu zendu ziren. Horietako bost uruguaitarrak zirela jakinarazi zuten geroago, eta, gainerako seiak, jordaniarrak. Datorren astean herriratuko dituzte militarren gorpuak.

GARA |

Sei soldadu jordaniar eta bost uruguaitar zendu ziren ostiral arratsaldean [Euskal Herriko gaua] Haiti uhartean izandako hegazkin istripu baten ondorioz.

Militar horiek Nazio Batuen Erakundeak uhartean daukan Egonkortze Misioan parte hartzen zuten (Minustah), eta erakunde honek azaldu zuenaren arabera, soldaduak Haiti eta Dominikar Errepublikaren artean zaintza hegaldi bat egiten ari ziren, Fond Verettes herriaren inguruan mendi bat jo zuenean, arazo teknikoak zirela-eta. Hegazkinean zihoazen lagun guztiak zendu ziren.

«Hamaika lagun zeramatzan zaintzako hegazkin uruguaitar batek mendi bat jo duela baieztatu dugu», azaldu zuen NBEko bozeramaile Michelle Montasek.

Geroxeago, Uruguaiko Airezko Indarren komandanteak, Jose Bonillak, soldaduen nazionalitatea zein zen zehazteko agerraldia egin zuen, eta ordu batzuk geroago, zendutakoen izen-abizenak ezagutzera eman zituzten.

Hegazkina Haiti eta Dominkar Errepublikaren arteko mugan zaintza lanak egiten ari zen, Minustah-ko kontrolatzaileekin kontaktua galdu zuenean, zehaztu zuen NBEko bozeramaileak.

Ikerketa

Gertatutakoa argitze aldera ikerketa bat abiatuko duela ohartarazi zuen Uruguaik. Era berean, gorpuen herriratzea prestatzen ari direla jakinarazi zuten. Herriratze hori datorren astean egingo dela zehaztu zuten.

Jazotakoaren aurrean, Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) idazkari nagusiak, Jose Miguel Insulzak «atsekabe handia» izan dela adierazi zuen.

«Lehen-lehenik hildakoen familiak eta lagunak ditut gogoan, eta haiei bidaltzen dizkiet doluminak, bihotzez», azaldu zuen bidalitako ohar baten bidez. Uruguai eta Jordaniako gobernuei ere doluminak adierazi zizkion.

Insulzaren hitzen arabera, «gertatutakoak beren etxeetatik urrun bakea sustatzeko lan egiten duen horienganako AEEk sentitzen duen errespetu eta mirespena areagotu baino ez du egiten».

AEEko idazkariak Uruguaiko Armadak mundu osoan egiten duen «lan garrantzitsua» goraipatu zuen, «beharrezko den lekuan Latinoamerikaren elkartasuna irudikatzen duelako».

Minustah delakoa 2004. urtean sortu zuen NBEko Segurtasun Kontseiluak, Haitiko presidente zen Jean Bertrand Aristideren kanporatze bortitzaren ondoren, «ordena berrezartzeko». Egun, 7.000 soldadu eta 2.000 polizia inguruk osatzen dute misioa.

Berriztapena

NBEko Segurtasun Kontseiluak misioaren agintaldia berritzeko asmoa du, datorren asteartean, hilak 13. Era berean, Haitiko instituzioak indartzen laguntzen jarraituko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo