Busturialderako bestelako ereduaren alde
Guggenheim museoaren inposaketarekin bultzatu nahi duten eskualde ereduaren aurka ekiteko prest agertu da Busturialdeko ezker abertzalea. Auzolanean oinarrituta, eskualdeak behar duen eta bertako baliabideak ardatz izango dituen ereduaren aldeko apustua egin du.GARA| GERNIKA
Busturialdeko ezker abertzaleak ez du uste Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim berriak bertako garapen sozial, ekonomiko eta kulturala ahalbidetuko duenik. Museoaren egitasmoarekin batera, eskualderako eredu oker eta zaharkitu bat inposatu nahi dietelakoan daude. «Turismo eredu oso zehatz batean oinarrituko da, lanpostu prekarioak bultzatuko ditu, tokiko gazte prestatuak kanpora joan beharko dira beren ezagutzak garatzeko, ingurumen aberatsaren biziraupen eta garapena ezbaian jarriko ditu, beharrezkoak diren lanpostuak ez ditu sortuko», esanez deskribatu zuten atzo proiektua. Gainera, museoa eraikitzeko proposatutako tokia erabat desegokia iruditzen zaie.
«Inposaketarik ez, Busturialdea ez da zuen Batzokia» zioten kartelak eskuan hartuta, eskualdeko eragile askoren haserrea azaldu zuten. Joan den asteartean hedabideen bidez jakin zuten Guggenheim fundazioak Urdaibain duen proiektuaren gaineko hainbat datu. Besteak beste, museoak jasoko lukeen bisitarien zenbatekoa eta sortuko liratekeen lanpostu kopurua iragartzen ari ziren. «Eskualdean lanean ari diren eragileak zur eta lur geratu dira. Beste behin, eragileak kontuan hartu ordez, zuzenean hedabideetara jo dute -salatu dute-. Astelehenean, eskualdeko alkateei bilera batera deitu zieten datuen berri emateko, baina beste guztiek prentsaren bidez izan dute bileraren berri; ez dute inor kontuan hartu».
Horrez gain, emandako datu horiek sostengatzeko inolako txostenik ez dagoela nabarmendu dute. «Eragileak txostenaren eske hasi direnean, jaso duten azalpen bakarra zera da, Guggenheimen bertan inkesta bat egin zutela turisten artean Urdaibaira joango ote liratekeen galdetuz», gaineratu dute. Busturialdeko ezker abertzalearen esanetan, «inguruaren etorkizuna ezin da turismora mugatu, are gutxiago proposatzen duten turismo eredu horretara. Ez du bertako bizilagunen garapena ahalbidetzen, ez du eskaintzen tokiko gazte prestatuentzako ganorazko ogibiderik, ez du Urdaibai balorean jartzen».
«Badago alternatibarik»
Bestelakoa da, beraz, proposatzen duten bidea: 1988. urtean tokiko instituzioen, taldeen, sindikatuen, enpresarien, eta oro har, Busturialdeko herritarren bultzadaz adostutako JSEGE-PADAS delakoa, hain zuzen ere. «Bertan garapen sozioekonomiko integrala, orekatua, eta jasangarria bultzatzeko beharrezkoak ziren jarduketa lerroak eta proposamen zehatzak biltzen dira -azpimarratu dute-. Parte hartzea oinarri izan zen, eskualdean dugun aniztasuna kontuan hartuz, sektore sozioekonomiko guztiak aintzat hartuz, elkarren arteko errespetua bultzatuz, bizi garen ingurunearen aberastasun eta berezitasuna kontuan hartuz», argitu dute.
Eskualdeak bizi duen egoera zailaren ardura EAJri egotzi dio ezker abertzaleak. «Enkarterrirekin batera, sozioekonomikoki atzeratuen dagoen eskualdea da, eta horren ardura azken hamarkadetan PNVk gidatu izan dituen instituzioen nora ezari eta politika okerrei egotzi behar diegu», adierazi dute.