GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Urretxu

Aritz Lasak bere garaipenik ederrenaz gozatu ahal izan zuen etxean

ARRETXE II 20

ARITZ LASA 22 !

J.O. | URRETXU

Bere ibilbide profesionaleko garaipenik garrantzitsu eta politenaz gozatu ahal izan zuen Aritz Lasak ostiral iluntzean horren ondo ezagutzen duen Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Frontoia goraino beteta eta bere jarraitzaile sutsuen babesean, Aspeko pilotariak hurrengo kanporaketarako sailkatzea lortu zuen, Iker Arretxeri partida oso lehiatu eta gogorrean 22-20 irabazi ostean.

Lorpenaren arlo emotiboa alde batera utzita, garaipenak garrantzi handia izan dezake urretxuarrarentzat, lortu zuen erarengatik batez ere, inoiz izan dituen zalantzak uxatzeko balio dakiokeelako.

Izan ere, inguruan sortutako zalaparta guztiak kalte egingo ote zion beldur baitzen Lasa, eta lehen tantoetan nabaritu zuen presioa, 1-5 galtzen jartzeraino, Iker Arretxek ondo egotearekin nahikoa izan zuelarik.

Hala ere, sakea berreskuratu eta lehen jokaldiarekin eta zabalerako ezker gantxoari etekina ateraz, partidan sartu eta lehia ia poltsikoan zuela jarri zen Lasa, harmailetakoen gozamenerako.

Baina aitaren antzera, pilotari gogorra da Iker Arretxe eta bere defentsa ikusgarriari esker, partidari beste buelta eman zion 19-15 irabazten jartzeraino. Etxekoarentzat denak galdua zirudienean, Lasak sakea berreskuratu zuen, eta lehen mailan jokatzen zuen lehen partida izanagatik, Arretxe baino askoz egokiago aritu zen azken tantoetan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo