GARA > Idatzia > Kultura

Finalaurreetarako bigarren aulkia ere, Bizkaiara

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren sigi-sagek Leitzan egin zuten bigarren geldialdia. Etxahun Lekuek lortu zuen finalerdietan kantatzeko eskubidea. Larrabetzuarra ongi aritu zen saio osoan eta bakarkako lanetan, hau da, puntuari erantzuten eta kartzelako gaian lortu zituen puntu eta txalo gehien. Haren atzetik Ainhoa Agirreazaldegi eta Iñigo Manzisidor «Mantxi» gelditu ziren, baina puntuazioari begira, zail izango dute aurrera egitea.

p048_f01_199x112.jpg

Ane ARRUTI | LEITZA

«Harriaren mekan» izan zen atzo Bertsolari Txapelketa Nagusia. «Ari nahi nuke Leitzan Mieltxo Saralegiren gisara/ ta zu entzule altxa beharreko harria izango zara», bota zuen agurrean Iñigo Olaetxeak baina harria astunegia izan, nonbait, eta saioak ez zuen lortu entzuleak guztiz igotzea. Horren erakusle dira bertsolariek batutako puntuak: Etxahun Lekuek 643 lortu zituen eta pasa den asteko hirugarren sailkatuak, Iñaki Gurrutxagak, 642,5. Zestoako betekadarik izan ez bazen ere, eserleku gutxi gelditu ziren hutsik udal kiroldegian, 780 bertsozale bertaratu baitziren. Pankartek eta oriotarren «mini-txaranga» xelebreak giroa berotu zuten saioa hasi aurretik.

Zortziko handian, Agirreazaldegi eta Ajuria gurasoak musuka ari den alabari begira jarri ziren saioa hasteko. «Begira nago gure alabari berak musu eman ahala/ garbo hori laster joango zaio ta aprobetxatu dezala», esan zion Ajuria aitak emazteari. Olaetxea eta Lekue mendi buelta egitera joan eta ehiztarien artean topatu ziren, baina bertsoaldi ederrena Sukia eta Mantxik osatu zuten. «Enpresa bereko bi akzionista zarete. Azken urtean, enpresako hamabi langilek egin dute bere buruaz beste», jarri zien gaia Fernando Anbustegik, eta honela kantatu zuen Mantxik bigarren bertsoa: «Ni akziodun nagusia naiz korbatadun ta PPko/ ta diru asko mugitu ohi det besteren lana tarteko/ ulertu zazu zergatik nagon lutozko eta beltzeko/ jada hamabi gutxio dauzkat odola zurrupatzeko».

Umoretik makal

Zortziko txikirako, umorez aritzeko gaiak izan ziren hirurak, baina bertsolariek ez zuten asmatu fruitu horri behar adina zuku ateratzen. «Dantzatzeko baduzu nahiko kategori, alkoholez jarri zara Etxahun lodi-lodi, barra gainean zaude, jarri zara gori, enuen ezagutzen zure fazeta hori», esan zion Ajuriak aspaldian atera gabe barra gainean dantzan zebilen Lakueri.

Agirreazaldegik musu artean jarraitu behar izan zuen, alkoholemia kontrola saihesteko autoa gelditu eta musuka hastea proposatu zion Mantxiri, hori bai, argi utziz nola egin: «baina antzerkitxo hau ona izan dedin/ neri putzikan behintzat ez zaidazu egin». Sukia eta Olaetxearen bertsoaldian, bigarrenak ez zuen ongi ulertu gaia eta nahastu samar aritu zen. Puntukako lanean Etxahun Lekue gainerakoak baino goragotik aritu zen bere itxuraren inguruan. «Zuk lisatu al duzu gaurko kamiseta» puntuari honela erantzun zion: «jarri ote diozu horreri arreta/ koltxoi azpian naukan atzotik gordeta/ plantxa kontuan ez naiz oso ona eta».

Sukia eta Ajuriak hasi zuten hamarreko txikiko lana. Astero familia osoa etxean bazkaltzen izan ondoren, begiak distiratsu kantatu zuen Sukiak: «familia dijoa txikitik handira/ eta orain etxea haunditik txikira».

Lekue eta Mantxik bertsoaldi polita josi zuten, nahiz eta bere hirugarren bertsoan Lekuek poto egin: «Errua neuri bota aitzakia trebez/ baina kontua hori ez da izan berez/ joka ezazu behingoz joka era trebez». «Zuk Etxahun duela hilabete lagun bezala soilik maite duzula esan zenion Mantxiri eta ordutik ez duzue elkar ikusi. Gaur egin duzue topo» gaia jarrita honela hasi zen Lekue: «Guk harreman polit bat genuen behin hasi/ poliki joan gura nuen lehendabizi/ ta beraz itxoiteko ein nizun garraisi/ harrezkero etzaitut behin ere ikusi/ zergatik ari zara nigandik ihesi». Mantxiren erantzuna, berriz, honakoa: «ihesi zu zabiltza ez ukatu bela/ nik hala esan bainizun oroitu bestela/ nik maite zaitudala bikote bezela».

Gaurkotasunak beti presentzia handia hartu ohi du kartzelako lanean eta atzokoan ere horrela gertatu zen. Seitik hiruk gai beraren inguruan kantatu zuten. «Diru asko eskaini dizute baina ez zaude prest» zen gaia. Mantxi, Olaetxea eta Lekue poliziaren aurrean laguna salatzearen truke dirua jasotzearen aurka aritu ziren. Honakoa Lekueren bigarren bertsoa: «Herri txiki bat dugu geurea bere mesede ta kalte/ baina halere bizi nahi dugu besteengandik aparte/ horrexegatik gu estuago berriro hartu gaituzte/ ona denik ez dut uste/ ditut mila buruhauste/ gela hontatik korrika ihes orain egin nahiko nuke/ baina mahaitik dirua kendu ta pistola jarri dute».

«Alakrana» ontzia bahituta duten piraten larruan aritu zen Ajuria; Agirreazaldegi, lagun homosexualentzako umea izatearen gainean; eta Sukia, berriz, kaleratu nahi duten langilearen ahotik.

Txapelketa Nagusia
Bertsoka

Bukaerako agurrean eskerrak eta musuak pilatu ohi dira familiarteko, lagun, bertso eskolako kide eta abarrentzat. Atzokoa ez zen salbuespena izan. Xabier Sukiak haurdun dagoen bere emazteari kantatu zion: «Maitasunez utzi zaitut aspaldian lori-lori/ sumendi hortatik Etxahun borborka dago gori-gori/ ea noiz berdintzen degun errusiar mendi hori». Puntuazioa ezagutu baino lehen bota zuen eta, beraz, haurraren izena aurrez pentsatua izango zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo