GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Remi Ayestarani omenaldia

«Plaza honek adierazten du nor zen, eta norainokoa zen bere itzala»

Sentimenduz, maitasun hitzez, eta batez ere, esker onez betetako omenaldia eskaini zioten atzo Remi Ayestaran Villabonako alkateordea zenari. Plaza bete jende, eta berak abiatutako lanari jarraipena emateko promesa ozena. Berak nahiko lukeen moduan, amestuko lukeen gisan.

p014_f05_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Zor zioten, zor zitzaion eta zorra neurri batean kitatzen behintzat hustu dira billabonatarrak. Remi Ayestaran alkateordeak bazekien zihoan tokian lagunak egiten, eta begi bistan geratu zen atzo, beste behin.

Taula gainean, gaztearen irudia, eta alboan kokatutako telebista pantaila handian, berriz, txikitatik azken hatsa hartu bitarteko irudiak, bata bestearen atzetik, malkoak eta irribarretxoak eragin zituzten argazki mordoa, gustuko zituen kantuez lagunduta.

Donostiako Alde Zaharretik bertaratutako zanpantzarrek abiatu zuten omenaldi honen karietara sortu den Remi Gogoan herri ekimenak prestatutako ekitaldia. Euren zintzarriekin batera, omenaldian presente egon nahi izan zuten talde, norbanako, koadrila... Guztien kamiseta, blusa eta irudiak zintzilikatu zituzten plazan. Euskal Herritik nahiz kanpotik, besteak beste, Italiatik, Herrialde Katalanetatik, Kanarietatik eta Montevideotik iritsi dira elkartasun mezuak, Remi Ayestaran Villabonako alkateordea uztailaren 31ean Ertzaintzaren jazarpenaren ondotik bihotzekoak jota hil zenetik.

«Plaza honek adierazten du nor zen eta norainokoa zen Remiren itzala». Ayestaran Villabonako alkateordearen anaiaren hitzek bertaratutakoen bihotzak xamurtu eta begiak dardaka jarri zituzten. Goia jo zuten une asko izan zituen atzoko ekitaldiak, baina senitartekoen kemena eta indarra izan zen agian hunkigarriena. Bere anaiak, arrebak, neskalagunak eta lehengusinak dantzatu zioten ohorezko aurreskuak gogorturik utzi zituen Errebote plazan bildutakoak. Guztien buruan ideia bat: «Dagoen tokian dagoela, gustura ikusiko du».

Leporaino bete zen bere herri kuttuneko plaza, berak nahiko lukeen moduan, merezi zuen moduan. Plaza bete jende, bihotz bete emozio. Italiatik iritsitako gutunak, Jose Mari Olarra herritarrak Granadako espetxetik bidalitako esperantza hitzak, Musika Eskolako irakasle eta ikasle ohien lana, Lain taldearen kantuak, Onddo gazte asanbladaren hitzak eta irudiak... Handik eta hemendik maitasun keinuak.

«Bere alde topa»

Burgosera ikastera joan eta egindako lagunek ere ez zuten aukera galdu nahi izan taula gainera igo eta galdutako kideari hitzik goxoenak eskaintzeko. «Duintasunaren bidea hartzea garestia da, baina zuk erakutsitako pasio eta indarrarekin jarraituko dugu bidea». «Espero dugu zure mailan egon izana, eta gaur eta beti zure alde egingo dugu topa», egin zioten promes.

Noski, bi urte pasatxoan Udalean egindako lana eskertu eta gogoratzeko parada ez zuten galdu nahi izan bere udal taldeko kideek.

Lankidea ez dutela alboan izango ulertzea eta haren itxaropen hitzak ez dituztela entzungo sinestea oraindik ere zaila dela onartu zuten, galdutakoa handia delako: «Herri honek Remi bezalako pertsona leialak, borondate onekoak eta langileak behar ditu». Egindako lana eskertu nahi izan zioten eta horregatik ohorezko aginte makila eskaini zioten: «Mizpiraren adarretatik gora doan izerdiak zuhaitzaren ebakiak zeharkatzen ditu erliebezko apaindurak sortuz eta Remik ere bere izerdiz, makina bat ebaki leundu zituen. Eskuz eta arreta osoz landutako makila hau berak egindako lanaren ispilu izatea nahi genuke».

Amets egiten segituko du

Herriko ezker abertzaleak bere militantzian erakutsitako eskuzabaltasuna ekarri zuen gogora. «Villabonatik bestelako Euskal Herri bat egiteko bere ekarpen xumea egin nahi zuen, zeregin horretan eman zituen bere bizitza labur eta emankorrean hainbat urte». Dagoen tokian dagoela ere, «defendatu eta bultzatu zituen baloreak mantenduz askatasunean eta justizian biziko den herri batekin amets egiten jarraitzen duela», goraipatu zuten, eta horregatik, borrokan eta lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi zuten: «Iritsiko da askatasuna gure herrira, ezagutuko du justizia Euskal Herriak eta egun horretan esnatuko da Remi, errepresioak eta gatazkak hil dituen guztiak bezala».

Hitzik umoretsuenak, bere koadrilakoen ahotik. Batean eta bestean bizitakoak, parrandak, Martzillara egiten zituzten txangoak, txikitako pasadizoak... irribarretxoak eta malkoak, biak nahastuta oroitzapenetan; esku artean berriz, pankarta bat, «Remi gogoan zaitugu, Remi maite zaitugu».

Omenaldia burutzeko herriko danbor hotsek hartu zituzten herriko kaleak, hain txikitatik ezagutu eta disfrutatu zuen danborradak, harrotasunez bete zuenak azken urteetan hartutako indarragatik. Villabonako martxa jo zuten eta bere senitartekoei eskaini zioten sentimendu osoz.

Ezagutu zuten guztiak bat datoz: Ayestarani eman dakiokeen omenaldirik hoberena berak abiatutako lanari jarraipena ematea da. Hala ulertuta, Remi Gogoan Herri ekimenak ere tinko eutsi dio ideia horri, eta urtean zehar hark gustuko zituen ekimen eta ekitaldiak antolatzen jarraitzeko asmo eta gogoak erakutsi zituzten. Hark nahiko lukeen moduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo