GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lizarrak eta Ibarrak bat egin dute Euskal Herria bat eta bakarra dela frogatzeko

Ibarrako eta Lizarrako harremanak estutu eta bi herriok senidetu egin dira, arrakastaz ospatutako Euskal Herria Egunean. Senidetzea erreal eta praktikoa izan dadin, orain herritar eta eragileei pasa diete lekukoa.

p017_f03_213x321.jpg

Oihana LLORENTE |

Euskal Herriaren izatea bera jokoan dagoen honetan, mapez harantzago doan hartu-emana abian jarri dute Ibarrako eta Lizarrako herritarrek, Bai Euskal Herriari herri ekimenak sustatuta bi herriak senidetu eta euskal lurraldeen arteko hartu-emanak berreskuratzeko helburuz. Atzo eman zuten lehen urratsa, Ibarran egin zuten Euskal Herria Egunaren ospakizun arrakastatsuarekin. Atzokoa pauso bat besterik ez dela izan nabarmendu zuten, ordea, eta bi herrien arteko harremanak josteko lekukoa, Lizarrako zein Ibarrako herritar eta eragileek hartu dute jada.

Izan ere, herriez gain, bi herrietako dantza, musika nahiz futbol taldeak, gaztetxeak, musika eskolak... ere senidetu egin dira, eta urtean zehar elkarrekin ekimenak egiteko konpromisoa hartu dute beren gain, senidetzea «erreal eta praktikoa» izateko.

Herritar eta talde ugari inplikatu dira senidetzea egia bihur dadin, eta atzo jaso zuten lehen fruitua. Ibarran jai handi batek beharrezkoak dituen elementu guztiak batu ziren: ikurrinak nonahi, baita txikienen aurpegietan ere, eta musika eta jan-edana ere nonahi.

Harrera goxoa izan zuten Lizarratik etorritako 75 herritarrek, mondeju eta piper janarekin hasi baitzuten eguna. Amets lizarrarra pozarren zegoen herriak emandako erantzunarekin eta hasierako lotsak di-da desagertu, eta jai giroa nagusitu zen ibartar eta lizarratarren artean. Luze iraun zuen giroak, gainera, Lizarrako parrandazaleek goizaldeko seietan zuten-eta bueltarako autobusa.

Ibartarrak ere pozik ziren, eta antolatutako kantu bazkarian 230 lagunei egin behar izan zieten lekua. Gaztelu puzgarriak, mus txapelketa, bi herrien arteko jokoak eta murala egiten igaro zuten arratsaldea. Heldu eta gaztetxoenek afaldu ostean alde egin bazuten ere, Ibarrako gaztetxeak ireki zuen parrandarako bidea ondoren.

Hasiera besterik ez

Bai Lizarrako, bai Ibarrako herritarrak senidetzeko proiektu hau beste egitasmo handiago baten hasiera dela azaldu zioten GARAri. Izan ere, asmoa sei euskal lurraldeetako herriak biltzea baita. Lehen urrats honek izandako arrakasta ikusita, hurrengo herria zein izango ote den pentsatzen hasi dira dagoeneko.

Bai Euskal Herriari herri ekimeneko eledun Erruki Ezkurrak bi herrien senidetzea txalotu eta euskal lurraldeen arteko harremanak ereitearen garrantzia nabarmendu zuen ekitaldian, «batik bat gure herriaren izatea bera desagerrarazteko makinaria guztia indar biziz abian denean», adierazi zuen, eta EiTBk egin duen eguraldi mapa edota Nafarroan, Euskal Herria hitza testuliburuetatik ateratzeko ahalegina aipatu zituen.

Herrien arteko senidetzea Udalbiltzak abian jarri zuela gogoratu zuen Ezkurrak, eta Ipar-Hegoa ekimena aipatu zuen adibide gisa. Bidasoaren bi aldeko herritarren parte-hartzearekin Euskal Herria bere osotasunean islatzea helburu zuen egitasmo hau egungo Euskal Herriko Mus Txapelketaren kimua izan zela ere gogoratu dio GARAri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo