GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Abelin LINAZISORO I Aktore eta idazlea

EUDELeko lehendakariari

Hemen umiliatuak eta irainduak alde batekoak dituk. Beti. Eta Gobernuak jipoituak eta erailak? Inoiz ez. Hire herriko Joxi eta Joxeanen lagunak eta familiakoak hilerrian jipoituak izan zireneko hura zer da orduan?

Ezagutzen gaituk, Jokin. Garai hartan ikastolen koordinakundeko erantzuleetako bezala ezagutu hindudan eta nire xalotasunean uste izan nian abertzalea hintzela, eta hara non ikusi haudan Rodolfo Aresi bostekoa ematen erabat irribarretsu. Euskal preso politikoen argazkiak kaleetatik gorroto biziz kentzen ari denarekin bat eginda, alajaina! Hik ondo dakik garai hartan, Buesaren euskararen kontrako politikari jarraituz, PSEren estrategia ahal zenik eta ikastola gehienak desagertzea izan zela, eta zenbait herritan lortu zutela, tartean Zumaian, eta gaur egungo politika ere, hik ondo dakian bezala, euskararen kontrakoa dela, zeren jende honek elebitasuna nahi duela dioenean, hemengo erdaldunak euren espainol ederrean hitz egiten jarrai dezatela esan nahi ditek, euskara betiko lau katuek erabiltzera mugatuz, jakina, pentsatu gabe elebitasunak erdaldunak euskara ikastera behartzen dituela. Baina goazen harira.

Argazkiko irribarrea ez litzateke ezer izango politikaren zirrikituak agindutakoa soilik izan balitz, bazekiagu diplomaziak askotan etsaiari eskua ematera behartzen duela, baina hire kasuan irribarrea benetakoa ote den susmoa hartzen zioat eta hori bai dela benetan penagarria! Hire hitzetan «kartel onena inprimatzen ez dena» duk, eta «pankartarik onena jartzen ez dena». Hona hemen Franco berpiztua! Hik ez al dakik adierazpen askatasuna lege faxista guztien gainetik dagoela? Zer egingo ote zenukete zuek, Ares eta hitaz ari nauk, Irlandan inoiz inork ukitu gabeko IRAren aldeko mural erraldoiak dauden modukoak norbaitzuk hemen hemengoen alde halakorik egin eta poliziaren eskuetan eroriko balira? Fusilatu? Baita ere diok legez kanpoko pintaketak eta kartelak terrorismoaren biktimak iraindu eta umiliatu egiten dituztela. Ederki lagun. Hemen umiliatuak eta irainduak alde batekoak dituk. Beti. Eta Gobernuak jipoituak eta erailak? Inoiz ez. Hire herriko Joxi eta Joxeanen lagunak eta familiakoak hilerrian jipoituak izan zireneko hura zer da orduan? Txiki Paredesen lagun eta familiakoei, hauek ere hilerrian zanpatuak, egindakoarekin ados hago? Joseba Asensioren gorpua zeraman hilkutxa familiakoei poliziek eskuetatik kendu zieteneko hura gogoratzen al duk? Ez? Eta Poliziak hil zituen Jauregi (Eibarren), Zabala (Hondarribian), Zabaltza (Intxaurrondon), Barandiaran eta Rosa Zarra (Donostian), German (Iruñean) eta abarrek ez al dute merezi askatasunaren aldeko borrokalari bezala publikoki onartuak izatea? Ez? Sistema ustel honen kontrakoak zirelako? Eta hauen senitartekoak ez al dira umiliatuak eta irainduak izango hori lortu arte? Gogoratzen al duk Tolosa, hire herria, erpina zen «Triángulo de la muerte» zeritzan lurraldean zenbat eta zenbat lagun hil zituzten Batallón Vasco-Español-ek eta Triple A-k? Lezon eta Ondarroan BVE-k hildakoez ere ez dakik ezer? Eta komisarietan eta kuarteletan torturaz hildakoez ere ez? Eta kontroletan metrailatutako jende arruntaz ere ez? Hauen familiartekoek ez al dute ahotsa altxatzeko eskubiderik? Irainduak eta umiliatuak? Nortzuk? Eta banketxe ziztrin bateko kutxa erretzeagatik lau, bost sei urteko kartzelako kondena betetzen ari diren gazteek eta euren familiakoek zer esan behar dute? Eta nahiz eta Ertzaintzaren furgonetari koktelik ez jaurti, eta lekuko pila bat izan frogatzen zuena gaztea gertaeratik oso urruti zegoela, urte pila bateko kondena eman zioten errenteriarrak zer dioen ba al dakik? Erakunde armatukoak izan gabe ETAko bezala kondenatuak eta kartzela jasaten ari diren hainbat eta hainbat lagun nola sentitzen diren ere bai? Edo benetako bake bila ibiltzeagatik kartzelatuak izan direnak edo atxilotu berri duten ezker abertzaleko zuzendaritza? Hik ez al dakik elkartzeko eskubidea demokraziaren zutabe nagusietako bat dela? Irainduak eta umiliatuak? Zer esan behar dugu, orduan, Francoren garaian eta Franco hil ondoren torturak jasandako milaka eta milaka lagunek? Torturaren zulo beltzean 70, 90, 120 edo 150 ordu sartuta egotea zer den ideia zipitzik ere ez izatea kontu bat duk, eta beste bat, oso desberdina, ez jakin nahi izatea. Jakin ezak torturatuok bizi osorako torturatuak izaten jarraitzen dugula, eta asko eta asko bizi osorako fisikoki kaltetuak geratu garela. Guk ez al dugu justizia eskatzeko eskubiderik?

Esaldi hau ere: «Instituzioak konponbideak emateko gaude; ez inor gogaitzeko», esan omen huen. Ba, jakin ezak gu gogaituak eta irainduak ez ezik, nazkatuta ere bagaudela hi bezalakoekin. Gaizki habil, lagun. Pena ematen didak. Aholku bat emango diat: Esaizkiok lau egia Ares hire adiskideari. Bat: Demokrazia batean ez dela onartzen torturapean ateratako aitortzarik eta, beraz, horren arabera kartzeletako gehiengo handi bat edo ia denak kalean egon beharko luketela. Bi: Auzitegi Nazionala deritzan tribunala Francoren garaiko TOP berbera dela (honelako tribunalak alemaniar nazien garaian eta haien kolaboratzaile izan ziren nazioetan zeudean) eta bere helburua ez dela justizia egitea, euskaldun (edo kataluniar edo galiziar) independentistak, akusazio faltsuak bilatuz, zigortzea baizik. Hiru: Presoaren zigorra kartzela dela, eta kartzelaren barruan bere askatasuna izan behar duela, ikasketak egiteko eta abar, eta zigor hori betetzear dagoenean, ezin dela lege berririk ezarri kondena luzatzeko. Hori mendeku miserablea besterik ez duk. Eta lau: Gaixotzen den presoak lehenbiziko egunetik egon behar duela medikuaren zaintzapean, behar dituen sendabideak har ditzan. Hiri normala iruditzen al zaik hainbeste preso politiko hiltzea espainiar kartzeletan? Eta hainbeste urte luze egotea gaixoturik? Behar zuten tratamendua lehenbiziko egunetik hartu balute, ez al ziren sendatuko? Zein da heriotza horien eta gaitz sendaezin horien erantzule?

Hitz egin ezak presoen senideekin, horretarako ez duk oso urrutira joan beharko, ezta? Eta esaiok Aresi familiartekoek presoen argazkiak erakusten dituztenean, ez dela goraipatzeko eurek egin bide dutena edo ez dutena egin, beren egoera penagarritik ateratzeko baizik. Euskal Herrirantz hurbildu ditzaten, sendagileen zaintzapean egon daitezen, pertsona bezala tratatuak izan daitezen. Bueno, baina agian, hau guztia bazekik Aresek, eta hik ere bai, ezta lagun?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo