Ixabel ETXEBERRIA I Irakaslea
Indarrak gure baitan daude!
Pragmatismoak erraten digu ez dugula deus Parisetik goaitatu behar, indarrak gure baitan ditugula, eta horiekin egin beharko dugula zerbait lortzekotan, herrian berean, Euskal Herria eraiki
Gizartearen eta botereen arteko haustura nabarmen geratzen ari da udazken honetan. Izan ere, inposatu nahi diguten AHT, Ipar Euskal Herriko herritar gehiengo handiak ukatzen du, aho batez, eta hala ere, indarrez, bortxaz Gobernuak hartutako erabakia aitzina doa. Herrietan zer-nolako lehentasunak dauden ikustera etortzeko taldeak antolatzen dituzte. Herrietako lehentasunak neurtu nahi dituzte, obrak hasi baino lehen, zein gune historiko zaindu beharko duten, adibidez. Alegia, berdin jarraitzen dutela, eta determinatuak direla denen gainetik pasatzeko, AHTren eraikitzeak interes ekonomiko eta finantzario altuak hunkitzen ditu, eta horien eraginaren gelditzeko, aitzinean jarri beharko duguna luzerako indarra eta nahikeriaz betea izan beharko da.
Hautetsi batzuek diote, arazoa lur azpiko lanek konpon lezaketela, eta Europa prest legokeela horren ordaintzeko. Diskurtso guztiak libre dira, hautetsi batzuk aterabideak bilatzen hasiak dira, hori ere jakin behar dugu, eta horren gainetik ere gure erabakia ez dela aldatuko jakinarazi behar dugu, alegia AHTrik ez dugula behar, frogatua dela, horretan geldituko dela.
Indarrak hemen daude, horiek dira antolatu behar. Guztien beharra izango dugu.
Hizkuntzaren egoeraren konpontzea agindu zuen Sarkozyk, Albanel ministroak legea ere agindu zuen, baina Parisetik heldu diren azken azalpenek diote ez dela legerik behar euskararen egoerari aurre egiteko. Euskal Konfederazioak eramandako lan guztia debaldetan egina izan dela ematen du. Horrenbeste negoziazio eta urrats egin, eta kulturgintza berriz ere ate baten aurrean aurkitzen da. Baina, Euskal Konfederazioak Pariseri buruz lan handia egin badu, bertan ere loturak lortu ditu, eta azaroaren 24ko Deiadarra horren fruitua izanen da. Dei motibagarria, zinez, denak Baionan elkartuko baikara euskararentzat gero baikor eta moderno baten aldarrikatzeko, gizarte honek geroa euskaraz ere nahi duela errateko. Askotan entzuten da euskarari jada tokia egiten zaiola, baina errealki lan handia geratzen da gure eguneroko bizian euskaraz bizitzeko aukera izateko. Hau da Baionan aldarrikatuko duguna. Hemen, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko euskarari lege babesa eman behar zaiola. Legerik bozkatzen ez duten bitartean praktikatu beharko dugu, eguneroko bizitzan euskaraz bizi eta aldarrikatu.
Zeren ez baita ametsen garaia, pragmatismoaren garaia baizik. Pragmatismoak erraten digu ez dugula deus Parisetik goaitatu behar, indarrak gure baitan ditugula eta horiekin egin beharko dugula zerbait lortzekotan, herrian berean, Euskal Herria eraiki.
Parisen interesak ez dira hemendik pasatzen. Azken proposamenetan, estatuaren arramoldeketari doakionez, diputatu bat galduko dugu. Izan ere, 125 mila herritarrendako diputatu bakarra izango baita, hemen berrehun mila herritar pasa gaude, bi diputatu soilik geldituko zaizkigu, zinez, Parisen euskaldunen ahotsa lekukotasun hutsa izango da. Hau da prestatzen digutena. Departamenduak desagertzea, AHT, euskararentzat legerik ez, diputatu bat gutxiago; zerbait onik pentsatu al dute guretzat? Zeren zerrenda egiten hasiz gero, irabazi sozialak murriztu, garapen ekonomikorik ez, turismoaren garapena, poliziaren presentziaren azkartzea... Euskal Herriko Estatua ez litzake gaur egungo Frantzia baino okerragoa, dudarik gabe!