GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«`Basapiztien eremua' bidea burutzeak erabat hustu ninduen»

Ekaitz MAIZ I Eskalatzailea

Ekaitz Maizen kasua berezia da oso. Kirol eskalada jasotzen duten bi zutabeak ondo baino hobeto lantzen ditu: hau da, bideak zabaltzea eta kateatzea. Etxauriri dagokionez, urteak daramatza aurpegi berri bat ematen. Bai, ziurta genezake Nafarroako eskola garai berri batean jarri duela. Bere azken lana, «Basapiztien eremua» bidea (9a), norabide horretatik doa.

p052_f02_57060.jpg

Andoni ARABAOLAZA |

«Basapiztien eremua» da zure jardueraren azken emaitza bikoitza. Eta «bikoitza» diot, bidea zuk zeuk zabaldu duzulako, eta lehen igoera sinatu ere bai. Irakurleak lan bikoitz horretaz jabetu daitezen, nola azalduko zenuke zure filosofia hori?

Nagusiki, motibazioan oinarritzen dut jarduera. Aurten, Kanteroko ipar horman eskalatzeko gogoa nuen, oso gustuko dudan paretan. Irekita zeuden bide guztiak egin ditut, eta bide berriak irekitzeko aukera ikusi dut. Gogoz ekin diot, bideak ekipatu, kateatu eta Koldo Baionak zabaldutakoak errepikatzeari.

«Bihotz alaiak» (8c+) kateatu nuenetik, «Basapiztien eremua» ikusita neukan. Erabat betetzen nauena zer den azalduko dut: bidearen nondik norakoa ikusi, egitea posible dela ohartu, mugimenduak atera, eta norberaren muturreko mailan, dena eman. Oso harro nago horrelako bide batzuk ekipatu eta kateatu ditudalako, baina prozesu horretan bizitako sentsazioak dira gehien betetzen nautenak. Hori bai, prozesu horren bukaera kateatzea da. 

Euskal Herrian muturreko zailtasuneko zein kalitate handiko bideak zabaldu eta eskalatzen dituen bakarrenetarikoa zeu zara. Zure iritziz, eskalatzaileek zein hedabideok ematen al diogu behar adina garrantzia?

Nire ustez hedabideek, eskalatzaileen kolektiboak bezala, kateatzeei eta zenbakiei garrantzi gehiago ematen diozue. Ekipatzailearen lana, muturreko bide bat denean, bigarren edo hirugarren maila batean geratzen da; eta muturreko bideak ez direnean, aipatu ere ez dute egiten. Haitza denona den aitzakiarekin, besteen lanaz baliatzen dira eskalatzaile gehienak, eskaladari ezer edo ia ezer eman gabe, aldizkarien azaletan azaltzen diren eskalatzaile asko bezala. Hauei batere meriturik kendu gabe, Lleida aldean dagoen giroa aipatu nahiko nuke. Han, Euskal Herrian bezala, muturreko eskalatzaile asko dago, baina guztiek ia etengabe zabaldu eta kateatzen dituzte bide berriak. Horrek, mundu mailan, zailtasuneko kirol eskaladarako tokirik aproposenetariko bihurtu du. Hemen, giro horretatik oso urrun gaudela iruditzen zait, eta jende gehienak Aragoi edo Kataluniako beste eskola batzuetara joatea nahiago du.

Bi kasu zehatz aipatu nahi nizkizuke: Joseba Arlegi eta Jordi Pou (Margalefeko aterpeko zaindaria). Biotako inork ez du 8. mailakorik kateatzen eta ez dira eskaladako aldizkarietan azaltzen, baina eskalatzaile onenen pareko grina dute eta kirol eskaladari aparteko bultzada ematen diote. 

Zure azken obra Kanteroko ipar horman zabaldu duzu. Badirudi «Kale borroka» sektoretik (han makina bat bide sortu dituzu) klasiko batera itzuli zarela. Zergatik ote da?

Eguzkitan beroa egiten duenean, itzaletan egoteaz gain, ikaragarrizko kalitatea duen sektorea da. Garai batean sektore klasikoa zen; egun, aldiz, dauden bide berri guztiekin sektore moderno bat da. Ez da oso ohikoa 90 metroko jarraikortasuna eta halako zailtasuneko bideak egotea! Eskaladaren eboluzioaren azken urratsa da sektore hau. Soka-egileak dira horren adierazgarri. Ni eskalatzen hasi nintzenean, 50 metroko sokak erabiltzen ziren, ondoren 60, 70... eta gaur egun saldutako soka gehienak 80 metrokoak dira. Eta ziur naiz urte gutxiren buruan 90 edo 100 metrokoak egingo dituztela. Finean, haitzak agintzen du, eta paretak 90 metro baditu, zergatik ez jarraian eskalatu? Egungo sokak 80koak direla-eta, bideak 40 metrora murriztea ez zait zentzuzkoa iruditzen.

Aurkeztu, mesedez, «Basapiztien eremua» bidearen nondik norakoak.

Erregeletaz zipriztindutako eroria duen plaka marroi ilun batetik doaz lehenengo 60 metroak. Zatirik zailena 20 metrora dago, baina hortik gora ere mugimendu zail asko ditu, eta atseden guneak ez dira oso onak. 60 metrora bilera bat eta atsedena hartzeko diedro txiki bat dago. Hortik aurrera haitz griseko, ezproi zoragarri eta fin batetik doa Kanteroko gailurreraino. Beheko zatiarekin alderatuta, errazagoa da, baina oin finak eta sekzio aleatorio pare bat dauzka.

Bidea guztiz naturala denez, helduleku batzuk, hautsi ez zitezen, sikarekin indartu nituen.

Eskalada estilo hori oso gustuko dut eta ondo moldatzen naiz. Etxaurin gertatzen den bezala, baldintzak oso garrantzitsuak dira, kateatzearen egunean grip perfektua zegoen, eta ez nuen hutsik egin.

Ondoan duen «Bihotz Alaiak» bezala oso luzea da azken hau: 90 metro! Duen luzeragatik zailagoa egin al zaizu bide horri forma ematea?

Bidea ekipatu aurretik buruan irudikatzen duzunean, luzerak ez du zerikusirik. Marra ikusten duzu eta logika bati jarraitzen badio, berdin dio 15 edo 100 metro izan. Ekipatzeko orduan lan gehixeago du horrek, seguru gehiago jarri behar dituzulako, baina bideari forma ematerako orduan ez du zerikusirik.

Zure ustez 9a izan daiteke. Zergatik?

Beti bezala, gradua proposatzerakoan, inguruan dauden edota antzekoak diren bideekin konparatzen ditugu. Kasu honetan ondoan duen «Bihotz alaiak» bidearekin. «Bihotz alaiak» baino askoz ere gogorragoa iruditu zait «Basapiztien eremua»; plus bat gogorragoa. Horregatik proposatu dut 9a.

Muturreko zailtasuna duela esanda, kalitateari buruz, zer aurrera dezakezu?

Zalantza izpirik gabe, "Basapiztien eremua" ekipatu eta kateatu dudan biderik onenetakoa dela iruditzen zait. Jarraitzen duen marra, haitzaren kalitatea, kolorea, mugimenduak, heldulekuak... oso gustuko ditut horiek denak. Honi ematen diot lehentasuna: daukan bideak eta mugimenduek ikaragarri erakartzen naute.

Bi ordu behar izan zenituen bideari puntu gorria jartzeko. Hori zailtasun handiko bideetan ez da batere ohikoa. Nola bizi izan zenituen 120 minutu horiek.

Oso kontzentratuta, mugimendu bakoitza ahalik eta zehaztasunik handienarekin egiteko. Horrelako bideak sekzioz sekzio planteatu behar dira, atseden gunetik atseden gunera. Sekzio guztietan egon behar duzu %100 ematen. 60 metrora dagoen atseden gunea da bideko onena, eta bertan behin eta berriz mentalki errepasatu nituen geratzen zitzaizkidan esku eta oinen mugimenduak. Hortik atera nintzenean izugarrizko tentsioa nabaritu nuen gorputzean: baldintza ezin hobeak zeuden, zati hori egiteko gai nintzela uste osoa nuen, eta ez nuen azken metroetan kale egin nahi. Azkenean fisikoki zein psikologikoki dena eman nuela uste dut.

Dakidanez, bide horretan eginiko lanak erabat hustu egin zintuen. Inoiz gertatu al zaizu hori?

Bai, eskalada estilo honetan ez da erraza hori gertatzea, heldulekuak ez dira oso handiak, eta hauetatik geratzeko indar handia behar duzu egin. «Basapiztien eremua»n 60 metrora dagoen atseden gunera puztuta iritsi nintzen.

Zatirik zailena gainditu nuen, hortik aurrera plaka fin bat geratzen da, eta zailtasunaz gain, gorputzari kale ez egiteko sartzen diozun tentsioa dago. Bidea amaitzerakoan tentsioa bat-batean desagertu zen, benetan hustu nintzen sentsazioa nuen, guztiz erlaxatuta... oso sentsazio atsegina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo