Josebe EGIA
Erantzukizuna eta ekintza
Interneten badaude hainbat atari Photoshop delako programa erabilita egindako gehiegikeriak erakusten dituztenak. Horietako batek, arropa kanpaina bateko argazki bat hartuta, modaren mundua zuzentzen duen legea kritikatu du. Argazkian muturreko argaltasuna eta osasuntsuaren kontrakoa erakusten duen gorputzean beste modelo batena zen burua. Emaitza: chupa-chups biziduna. Gutxi balitz, buruaren jabeak gizenegi egoteagatik lanetik bota zutela salatu berri du.
Uste dut denok jabetzen garela garela irudien botereaz, hartzailearengan desioak eta helburuak pizteko. Eta obsesioak. Egoki eta etikaz erabilita onuragarria izan daitekeena, galtzen ari diren balioak sendotzeko edo iritzi kritikoa trebatzen sustatzeko, esaterako, gure gizartean saltzeko erabiltzen da gehienbat. Eta irudiaren erabilera nahitaezkoa duen «produktu» nagusia emakumea da, edozein adinetakoa.
Hortaz, nonahi ditugu emakumeak erakusten dizkiguten argazkiak, klasikoak, modernoak, artistikoak -jite guztietakoak baikara kontsumitzaile potentzial -, baina denak emakume-produktu bera saltzen: argala, liraina baino, zimur bat bera gabe, ile zoragarrikoa, gaztea, edo gaztetua. Egun egingarria da-eta, photoshopetik igarota, hain zuzen. Irudien manipulaziorako programa, manipulazioa eraldaketa den heinean, zentzu txarrik gabe. Eraldaketak, baina, existitzen ez dena lortu beharreko bihurtzen duenean, gezurra errealitate gisa, errealitate orokortu, gainera, erakutsi eta inposatu egiten duenean, hartzen duen zentzua oso bestelakoa da.
Irudi-industriaren boterea ez ezik, botere horren ondorioz sortuz joan diren gaitzak ere sobera dakizkigu. Horiekin bukatzeko asmoa denen ahotan dabil beti, esku-hartzen duten eragile guztiak bat datoz: ekidin daitezke, zentzugabeko sufrimenduaren jatorria desagerrarazi egin daiteke, bitartekoak eta mugak jarrita, noski. Horren harira, photoshopa pertsonengan erabilitakoan hala egin dela ohartzeko betebeharra ezartzea proposatu dute Frantzian, isuna jasotzeko zigorpean; ondorioz kalapita, modako eta emakumeei zuzenduriko argitalpen eta enpresen aldetik, noski. Bestetik, Alemaniako emakumeentzako aldizkari batek hemendik aurrera modelorik gabe kaleko emakumeekin egingo duela lan iragarri du.
Frantziako neurri horrek ezer gutxi aldatuko badu ere, ez baitu errora jotzen -hori izanda hain zuzen hainbeste mendekotasun motaren jatorria, hots, zergatik eta norentzako halako sasi emakumeen beharra eta tirania-, behintzat kontzienteago egingo gaitu ikusten ari garena ez dela fikzio bihurturikoa baino, eta agian, neskatila eta emakume asko bultza ditzake direna egokiago baloratzera. Alemaniarrena akaso izango da krisi garaian gehiago saltzeko estrategia, halabaina, emakumea helburu duten aldizkari eta era askotako enpresek beren erantzukizunari aurre egiten hasiko direlako edozein urrats beti izango da onuragarria, sortzen dutenaren aurrean ezikusiarena egiten jarraitu baino, gure garaiko gaitzak poliki baina ziur erauziko ditugulakoan lehen ekintza xume modura. Baina ekintza, finean.