NAFARROA OINEZ
«Traben gainetik, euskararen alde egingo du herriak»
Euskarari zion maitasunak eraginda, Pedro Lizarragak Andra Mari Ikastola sortu zuen Juan Mari Artiedarekin batera, orain dela 40 urte baino gehiago, Etxarri Aranatzen. Ahaleginak sarituta ikusi zituzten atzo, lau hamarkada geroago, «Txikiak Handi» leloa zuen Nafarroa Oinez-en. Ezerezetik sortutako ikastetxeak 40 ikasle biltzen zituen hasieran, eta gaur egun, berriz, badira 400; baina lana ez da hor amaitu, euskararen etorkizuna ziurtatzeko, «borroka» ezinbestekoa dela gaineratu zuen.
Oihane LARRETXEA I
Ikastola bat sortzea ez da edonolako kontua. Zer dela-eta ekin zenioten proiektu honi zuk eta Juan Mari Artiedak?
Euskarari laguntzeko beharra ikusi genuen, baina zailena gurasoen konpromisoa edo hitza ziurtatzea zen, haiek haurrak ikastolara eramateko konpromisoa, alegia. Pixkanaka lortu genituen umeak, eta hasieran 2, gero 8… gutxika taldea handitu zen arte. Eraikin zaharrak, abandonatuak ziren, eta txukundu egin genituen bertan eskolak emateko. Aurrerago, ikasle multzo handia genuenean, beste leku batzuk bilatu genituen.
Lanbidez ez zinen irakasle, baina hezkuntzaren alde zerbait egiteko beharra sentitu zenuen…
Ikastolaren bultzatzaileak ginenak ezkongabeak ginen orduan, beraz, ez genuen lanaz beste aparteko ardurarik. Denbora libre nahikoa bagenuen, baina horretaz gain, euskararen aldeko konpromisoa ere bai. Guk atea ireki genuen, baina erabakigarria izan zen gurasoen erantzuna jasotzea.
Garai gogorrak igaro zenituzten, baina zenbakiak alde dituzue; izan ere, garai bateko 40 ikasleak, 400 dira gaur egun.
Hasieran ez genuen sekula pentsatu halako garai goxoetara helduko ginenik. Gu geldi-geldi hasi ginen eta gaur egun egoera guztiz bestelakoa da, oso pozgarria da non gauden ikustea.
Zein izan da urte hauetan zehar gurasoengan ikusi duzuen garapena?
Aiten eta amen arteko ezberdintasuna handia da. Alegia, gaur egun parte-hartze handiagoa nabaritzen zaie, bai ikastolaren alde, bai euskara zabaltzearen alde…
Gaur eta orain, atzera begira jarrita, zein forma hartu du euskarak, eta euskal hiztunek?
Juan Mari Artiedak, ikastolako beste sortzaileetako batek ondo esan duen bezala, garai batean euskarak jazarpen edo zigor ugari zituen, baina hiztunak leialak ziren: euskara ezagutzen zuena euskaraz bizi eta mintzo zen. Gaur egun jakintzan irabazi da, leku eta erakundeetan euskara irakasten delako, eta haurrek euskara dakitelako jaiotzetik, baina ez dira leialak harekin: euskara ezagutzen duten guztiek ez dute erabiltzen, eta mingarria da hori. Gazteetan ugari gertatzen da, asko gaztelaniaz mintzo dira euskara, nahigabe bada ere, alboratuz.
Aurtengo Nafarroa Oinez-ek saritu egin dizkizu, Artiedarekin batera, egindako ahaleginak. Zer zioen zeure bihotzak?
Borrokaren fruituak ikusi ditut, ez nireak, euskararenak baizik. Benetan pozgarria, baita lasaigarria ere hasierako ahultasunak eta zalantzak trinkotu egin direla ikustea: bideko harrien gainetik aurrera egin dugu.
Baina honek ez du esan nahi lana amaitu denik…
Ezta gutxiago ere! Ondorengoek hartu dute geure txanda, jende asko dago lanean euskara ahuldu ez dadin. Euskararen etorkizuna geure esku dago, edozein Gobernuk trabak jarri arren, herriak bere hizkuntzaren alde egiten jarraituko baitu.