Zalain enpresak langileei eta batzordeari iruzur egin diela salatu du LABek
Zalain Transformados enpresako zuzendaritzak uztailean aurkeztutako bideragarritasun plana bertan behera uztea onartu zuen irailean, batzordearekin negoziazio prozesua hasteko. Negoziazioaren kontua «denbora irabazteko» ekintza izan dela salatu du LABek.
GARA |
LAB sindikatuak Lesakako Zalain Transformados enpresako zuzendaritzaren jarrera salatu du ohar baten bidez. Sindikatuak jakinarazi duenez, pasa den irailaren 18an enpresa batzordeak eta zuzendaritzak akordioa sinatu zuten, eta zuzendaritzak onartu zuen uztailean aurkeztutako bideragarritasun plana bertan behera uztea.
Plan horren bidez, besteak beste, fabrikako 302 langileetatik 140 kaleratzeko asmoa zuen enpresak. Azkenik, plana baliogabetu, eta denen artean enpresaren eta langileen etorkizuna ziurtatzeko negoziazio prozesua hastea adostu zuten.
Pasa den astean, ordea, urriaren 16an, batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bileratik irtetea erabaki zuen LABek. Azaldu duenez, akordioa adostu zutenetik zazpi bilera egin dituzte, eta zuzendaritzak ez du uztailean aurkeztu zuen plana baztertzen duen neurririk aurkeztu. Aitzitik, «guztiz kontrakoa» izan dela salatu dute: «Azalpenetan, bertan behera utzitako bideragarritasun plana hartzen du oinarritzat».
Gainera, sindikatu abertzalearen arabera, zuzendaritzak hartu duen jarrera «benetako negoziazio baterako giro egokia sortzeko» desegokiena da.
«Iruzur garbia»
Irailaren 18an akordioa sinatu zutenetik zuzendaritzak izan duen jarrera enpresa batzordeari, langile guztiei eta fabrikako lan harremanei egindako iruzur garbia dela uste du LABek.
«Zuzendaritzak behin eta berriro entzungor egiten dio enpresa batzordeak esaten dionari», salatu du sindikatuak. Bestalde, bere kezka nagusia gertatzen ari denaren gaineko informazioa eta salaketa iritzi publikoari adieraztea dela ziurtatu du LABek.
Negoziazio prozesuaren iruzurraz gain, zuzendaritzak hartu dituen beste hainbat erabaki ere salatu ditu LAB sindikatuak. Hala, enpresako mediku zerbitzu propioa ezabatu duela adierazi du, baita indarrean dagoen enplegua erregulatzeko espedientea «era diskriminatzaile eta arbitrarioan» ezartzen jarraitzen duela ere.
Akordioa sinatu zutenetik zuzendaritzak izan duen jarrera ikusita, «zer gehiago gertatu behar da negoziazioaren kontua denbora irabazteko eta zuzendaritzak dituen helburuak hobeto antolatzeko ekintza izan dela frogatzeko?», galdetu du LABek. Salaketa egitearekin batera sindikatu abertzaleak Zalain Transformados enpresaren etorkizuna bermatuko duen planaren alde lanean jarraituko duela berretsi du, hain zuzen ere, enplegu egonkorra eta langile guztien eskubideak errespetatuko dituen plan baten alde.
Enpresak, aurkezturiko planarekin, fabrikako 302 langileetatik 140 kaleratzeko asmoa zuen. Plana bertan behera utzi, eta batzordearekin batera negoziazio prozesua hastea onartu zuen.