Lagun Aro Gipuzkoa Basketen aurreneko garaipena
Helburuak errazago betetzen dira, talde jokoa eginez gero
Iazko leku berean irabazi dute aurten ere lehenengo neurketa Lasoren gizonek.
Arnaitz GORRITI |
Iazko leku berean, Sevillako San Pablo pabilioian, iritsi da aurtengo lehenengo garaipena Lagun Aro GBCrentzat. Kostata, alajaina, luzapena behar izan zuen-eta Lasoren taldeak Cajasoli 77-84 irabazteko. Hala, datorren domekan Unicajaren aurkako neurketa arriskutsuari -Malagakoek oraindik ez dute partidarik irabazi- lasaiago ekitea izango dute gipuzkoarrek.
Estatistikei so eginez gero, argi dago Ignerski, Panko eta Barbour izan zirela donostiarren jokalari zorrotzenak erasoan. Poloniarrak bere talde ohiaren aurrean izugarrizko erakustaldia eman zuen, hiruko jaurtiketetan batik bat. Baina, oro har, talde lana izan zen Lagun Aroren armarik garrantzitsuena. Aspaldiko partez, Sergio Sanchezek gidaritza lan aparta egin zuen -baita Rai Lopezek ere- eta nahiko ongi bilatu zuen jaurtitzeko egokiera onenean zegoen jendea. Hala, barruko jokoari orain arte ez besteko etekina ateratzea lortu zuten, Albert Mirallesen eskutik batez ere.
Partida nahiko orekatua izan zen, nahiz eta bigarren laurdenetik aurrera donostiarrak beti izan buruan. Andaluziarrek akats dezente egiten zituzten defentsan, erasoko errebotea bermatzeko garaian batez ere. Hala, 39-42 aurretik zirela iritsi ziren Lasorenak atsedenaldira.
Hirugarren laurdeneko aukera
Aurreko neurketa bietan ez bezala, askoz kontzentratuago jokatu zuten gipuzkoarrek aldageletatik bueltan, eta horrek partida apurtzeko aukera eman zien.
Andaluziarren entrenatzaileak falta teknikoa ikusi zuelarik, markagailua 42-46 zela, 2-8ko partziala lortu zuten. Horiek ziren Ignerskiren mementorik onenak. Kirksayk lau falta zituen eta ezin zuen poloniarra nahi bezain zorrotz zaindu. Bere aldetik, Savanovicek lekua errazegi galtzen zuen, eta bikain baliatu ziren horretaz Lasoren gizonak, jaurtitzaile egokiena bilatzeko. Azken laurdenera hamar punturen aldeari eutsiz (51-61) iritsi ziren eta bazirudien Cajasolek besoak jaitsi behar zituela, beraien izarrek, Callowayk eta Savanovicek alegia, berekoiegi jokatzen baitzuten.
Bai zera, ordea! Epaileek barruko jokalari gabe utzi zuten Lagun Aro Miralles eta Doblas egotzi ostean, eta pixkanaka etxekoek aldea jan zuten, partida amaieran 73na berdindu arte. Callowayk partida irabazteko aukera izan zuen, baina Sergio Sanchezen defentsak eragotzi zion saskiratzea.
Erreboteak eta jaurtiketa libreak
Luzapenean burua hotz jokatu zuten Lasorenek. Batetik, sevillarren hirukoak ez ziren sartzen, eta, bestetik Barbourrek eta Pankok defentsako erreboteak hartzeaz gain, falta pila bat atera, eta bikain asmatu zuten jaurtiketa libreen marratik, gipuzkoarren zorionerako.