GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA I Urrezko lehiaketa

Nazabalek final bat irabazi eta bi txapel jantzi ditu

Etxarrikoak txapeldunen liga eta kopa, biak bereganatu ditu, azkenean saio batean erabaki baitira.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA |

Floren Nazabalek bereganatu zituen herenegun Altsasun Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako eta Kopako txapelak. Berez, Kopako finala jokatu behar zen, baina Ligan ere berdinduta geratu ziren Larretxea eta Nazabal, eta Kopako finala baliatu zuten antolatzaileek hori ere erabakitzeko, eta saioa Etxarrikoak irabazi zuenez, bi txapelak izan dira berarentzat.

Sekulako jendetza batu zen final hau zuzenean ikusteko asmoarekin, eta saio polita ikusi ahal izan zuten, nahiz eta lehen posturako ez zen emoziorik izan, hasieratik erakutsi baitzuen bere nagusitasuna Nazabalek. Aizkolari bakoitzak bost lan egin behar izan zituen. Ekinaldiari hasiera emateko, 45 ontzako enbor bat zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta hori Nazabalek irabazi zuen, 32 kolpetan amaitu baitzuen bere lana. Arrospidek eta Lopezek bi gehiago behar izan zituzten, eta hiru gehiagotan Larretxeak.

Bigarren lanean, 45 ontzakoarekin erlojuz kontra lehiatu behar izan zuten, eta hor Lopezek eman zuen ezustea, bera gailendu baitzen, lanak 39 segundoan amaituta. Segundo bat gehiago behar izan zuen Nazabalek, bi gehiago Arrospidek, eta bost gehiago Larretxeak. Hirugarren lanean, berriz, bakoitzak bi 45 ontzako moztu behar izan zituen, bat zutik jarrita eta bestea etzanda jarrita.

Hortik amaierara arte, Etxarriko txapeldunak ez zien inori aukerarik eman jaun eta jabe izan baitzen. Lan hau 2 minutu eta 20 segundoan burutu zuen, eta alde nabarmena kendu zien gainerakoei. Larretxea izan zen bigarren, eta honek 2 minutu eta 25 segundo behar izan zituen. Hirugarren, berriz, Lopez izan zen, lanak 2 minutu eta 32 minututan amaituta, eta azkena Arrospide, 2.35 izan zela bere denbora.

Aukerarik ez

Laugarren lanean, 60 ontzako enborra zeinek denbora gutxiagoan moztu neurtu ziren. Hor ere Florenek ez zion inori aukerarik eman, lana minutu eta 51 segundoan amaitu zuen. Bigarren Arrospide izan zen, eta Leaburukoak bi minutu eta 19 segundoan amaitu zituen lanak. Hirugarren Larretxea izan zen, eta bere denbora 2.27 izan zen. Azkena, Lopez sailkatu zen, eta bere denbora 2.35 izan zen.

Azken lanerako ia erabakita zegoen txapela, eta Nazabalentzat zen hori. Hala ere, azkeneko saioan ere bera gailendu zen. Hor aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar zituen, eta Etxarrikoak bere nagusitasuna erakutsi zuen. Lanak amaitzen 7 minutu eta 46 segundo behar izan zituen. Bigarren Larretxea sailkatu zen, eta honek 8 minutu eta 31 segundo behar izan zituen. Hirugarren Lopez izan zen, bere lanak 9 minutu eta 11 segundoan bukatuta; eta azkena Arrospide izan zen, finalean aritu zen gipuzkoarrak 9 minutu eta 22 segundoan amaitu zituela bere lanak.

Lan guztiak amaituta, txapeldun Nazabal izan zen, eta dena amaitzeko 13 minutu eta 9 segundo behar izan zituen. Bigarren Larretxea sailkatu zen, eta bere denbora 14 minutu eta 42 segundokoa izan zen. Hirugarren postuan berdinduta geratu ziren Arrospide eta Lopez, biek denbora berdina behar izan baitzuten lanak amaitzeko, hain zuzen ere, 15 minutu eta 31 segundo.

Saio honetan ez ziren, halere, aizkolariak bakarrik aritu, lasto-altxatzaileak ere izan baitziren beste batzuen artean, eta hor Joxe Lapazaranek marka bat egin zuen. Lau minutuz aritu zen 45 kiloko lasto fardoa 7 metrora altxatzen, eta bizkaitarrak lan bikaina egin zuen, 43 jasoaldi eman baitzizkion. Lan gogorra da, lehiaketetan denbora horren erdia izaten baitute aritzeko, baina berak marka berezi hau egin nahi izan zuen, eta bikain aritu zen. Perurenatarrek ere beren erakustaldia egin zuten, zaleen gozamenerako.

Gainerakoak

Florenek gainerakoei ez zien inongo aukerarik eman, proba bat ez beste guztiak bereganatu baitzituen. Larretxea sailkatu zen bigarren minutu eta erditik gora, eta hirugarren berdinduta amaitu zuten Lopezek eta Arrospidek.

Lapazaran

Kirolari bizkaitarrak marka bat ezarri zuen lasto-altxatzen, lau minutuko saio batean, 43 aldiz jaso zuen-eta. Joxe, kirol honetan aritzeaz gain, ingude-altxatzen ere oso ona eta trebea da eta hor ere marka handiak dauzka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo