PSEk esan du Madrilgo ituna datozen egunetan EAEn ere gauzatuko dela
Zapateroren Gobernuak aurrekontuak onartzeko EAJren laguntza izango du Madrilen. EAEko erakundeetan ere jeltzaleekin adosteko jarrerak gerturatu dituztela adierazi zuen atzo Jose Antonio Pastorrek (PSE). Iragarri zuenez, bi alderdiok datozen egunotan lotu dezakete EAEko erakunde guztietan eragingo duen akordioa.
GARA |
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak direla-eta, PSEko Jose Antonio Pastor bozeramaileak atzo Barakaldon adierazi zuenez, EAJrekin akordio bat adostuko dute datozen egunetan. Akordio horrek Lakuako Gobernuko aurrekontuetan ez ezik, foru aldundietan eta udaletan ere eragina izango lukeela gaineratu zuen.
EAEko erakunde guztietako aurrekontuak bultzatzea eta egonkortasun lortzea dituzte helburutzat, Pastorrek adierazitakoaren arabera, eta hein horretan, EAJren eta PSEren jarrerak nahiko gertu daudela-eta, akordioa berehala lotuko dutela iragarri zuen.
Bi alderdien arteko adostasunaren oinarrian zerga arloko gaiak daudela azaldu zuen Pastorrek, EAEko Politika Fiskalaren Kontseiluan azaleratu zen eran. Horrez gain, «gizarte zerbitzuen egoeraren gaineko hausnarketa egiteko premia» dagoela ere bat datoz EAJ eta PSE alderdiak.
Jarrera gertutasuna
Pastor baikor agertu zen EAJk hartu jarrerarekin, horri esker Lakuako aurrekontuak adostea «denbora kontua» izango delako. «Teorikoki behintzat jarrera berbera azaldu dugu bi alderdiok. Espero dut honek guztiak akordioa ekartzea Gobernu- ko aurrekontuetarako, baita foru aldundi nahiz udaletarako ere».
Jeltzaleak alde batera utzita, gaineratu zuen «onuragarria» izango litzatekeela beste alderdiek ere adostasunaren aldeko ekarpenak egitea: «Kontu publikoei dagokienez guztiek adostasuna lortzeko saiakera egingo bagenu, egonkortasuna eta lasaitasuna ekarriko luke horrek, egungo egoera ekonomikoaren aurrean».
PPren mesfidantza
EAEn PPk duen eledun Leopoldo Barredak, berriz, bestelako iritzia agertu zuen auziarekiko. «Ez dakit EAJren eta PSEren arteko akordioak eragina izango duen aldundietan edo beste inon, baina Estatuko aurrenkontuen ildoari jarraitzeak krisitik irteteko bidea zailduko du».
«PSOEk EAJrekin egindako akordioari esker, Zapaterori kontuak biribil atera zaizkio, baina ez ordea hiritarrei, hauek izango baitira kaltetuenak» adierazi zuen Barredak. Jeltzaleak, Estatu espainoleko aurrekontuen alde egitean, «Zapateroren konplize» direla eta horrek ondorioak ekarriko dizkiela gaineratu zuen, «hiritarrei kaltea baino ekarriko ez dien akordioa delako».
Alderdi Popularra eta PSE aste honetan biltzekotan dira, EAEko 2010eko aurrekontu proiektuari buruz hitz egiteko. Barre- dak atzo iragarritakoaren arabera, ez dituzte onartuko Zapateroren aurrekontuak onartzeko emandako «gakoetan» oinarritutako egitasmoak. «EAJk onartu duen akordiora helduko garela uste badute, oker daude sozialistak. Patxi Lopez lehendakari izendatzeko adostutako oinarriei jarraituz gero, ordea, erdibidekoa lortzea errazagoa izango da».
Popularren eta sozialisten asmoa, halere, elkarrizketak hasi aurretik, Ezohiko Neurriei buruzko Legea onartuta egotea eta Finantzen Euskal Kontseilua biltzea da, hain zuzen ere, horien bidez, zehatzagoa izango baita eztabaidatu beharreko «baldintza ekonomikoen esparrua».
Agintari sozialistak azaldu zuenaren arabera, ezker abertzaleko kideen atxiloketengatik Donostian egindako manifestazioan EAJk parte hartu izanak ez du akordioan eraginik izango.
Jeltzaleen benetako jarrera zein izango den ezagutzen ez duten arren, PSEk aurreratu du akordio eskuratzeko «edozein urrats» emango dutel eta «trabak jarri baino, elkarrizketaren alde» egingo dutela.