GARA > Idatzia > Kultura

Zubeldiaren poza eta Silveiraren haserrea

Txapelketa lehia da, eta alde gozoa eta garratza ditu; irabazleak eta hainbeste irabazten ez dutenak. Iker Zubeldiak dastatu zuen atzo alderik gozoena, eta Xabier Silveirak, mikatzena. Bai, lehiatik badu txapelketak, baina beste lehia batzuen desberdina da oso, inor ez baita pozten norbaitek, gustatu ala ez, galtzen duenean.

p056_f01_148x124.jpg

Amagoia MUJIKA |

Amaiera arraroa izan zuen atzoko saioak. Batzuk Silveiraren haserrearen zergatiaz hizketan; besteak puntutan baxu samar joan zen sentsazioarekin; eta epaileekin ados ez zirenak ere baziren batzuen batzuk. Total, une batean askori ere ahaztu egin zitzaiola Iker Zubeldiak irabazi zuela saioa. Berari, seguru ezetz. Irribarrez, izerditan, montaña rusatik jaitsi berritan, kasik oharkabean pasatu zen jende artetik. Eta hortxe txanpona- ren bi aurpegiak, irabazlearena eta espero adina irabazi ez duenarena. Lehiaren alderik krudelena dudarik gabe.

Zarauzko Aritzbataldeko plazak itxura bikaina zuen, 1.300 lagun kabitu eta beste asko kanpoan geratu ziren. Saioa nahiko txukun joan zen arren, gorabeheratsua izan zen eta berriz ere jaitsi zen puntuen langa. Zubeldiak 643 puntu pilatu zituen, Leitzako eta Bilboko saioko lehenek bezalaxe.

Erregistro ia bakarreko bertsolaria da Zubeldia, gaia edozein dela ere, bere eremura eraman eta hor ateratzen dio punta. Zirtolaria da, zuzena, umoretsua eta ikaragarriak esateko sekulako erraztasuna duena. Atzo ere berean jardun zuen, plaza barre algara batean jarriz behin eta berriz. Hor beti zalantza izaten da txapelketa giroan horrelakoak noraino baloratzen ote diren. Ba, atzokoan, behintzat, puntuatu zituzten Zubeldiaren bertsoak.

Zubeldia eta Silveira paretsu ibili ziren saio guztian eta puntutan ere gertu iritsi ziren kartzelakora (Zubeldia sei puntu aurretik). Baina, kartzelakoan, esan bezala, Silveiraren potoak gogor zigortu zituzten epaileek eta 81,5 puntu baino ez zizkioten eman.

Zortziko handian, esaterako, Silveira izan zen onena. Iratxe Ibarrarekin egokitu zen, goizeko ordubietan, taberna bateko komunean ilara egiten, zain. Iratxek, nobioa zuela eta komun kanpoan ez zuela ezer nahi, baina barruan agian baietz esan zion Silveirari. «Itxuraz ez dio aunitz ardura bere nobio kuttunak/ gezurrik ez du zergatik esan ezer esaten ez dunak/ ba al dakizu zenbat sekretu gorde ditzaken komunak/ eta behin handik irtendakoan, besterik gabe lagunak», bota zion lesakarrak bigarrenean. Eta lehena eta hirugarrena ere maila onekoak izan ziren.

Zortziko txikian ere ondo aritu zen Silveira, Zubeldiarekin orduan. Arrantzan jarri zituen gai-jartzaileak, Silveira arrantzale zaharra eta Zubeldia, berria. Zubeldia ez zen gauza arrantzatutakoa uretatik ateratzeko. «Arrantzara natorre Zarauzko partera/ hemen korrokoietan badago aukera/ ta hauek jaten dute zikina sobera/ jan behar ez badegu zertako atera», Zubeldiaren lehena. Oso saio bizia egin zuten bien artean.

Puntuari erantzuten onena Unai Agirre izan zen. Oro har, Agirrek saio polita osatu zuen eta puntu gehiago bilduko zuela zirudien. «Bosgarrenaren bila omen dijoala» bota zion Saroi Jauregik puntua. Eta, Agirrek, «hainbeste ba al ditu Egañak aibala/ kenduko diodala ni ez naiz normala/ badakit faborito bera izango dala».

Iratxe Ibarraren hamarrekoa

Hamarreko txikian Iratxe Ibarrak lortu zuen puntu gehien. Joxe Munduaterekin batera aritu zen. Bien aita amiantoagatik hil berria zen eta Munduatek salaketa jarri nahi zuen, Ibarrak, berriz, ez. «Laneko urteak igual hogetama piko/ kejarik be ez eban sekula eukiko/ amiantoak hila, amiantoak ito/ holako saltsan hoba ez sartu ta kitto/ diruak ez baitezku aita itzuliko», bota zuen lehena. Munduatek ondo eutsi zion. Egia esan, saioa poliki josi zuen Munduatek, itxura txukuna emanez.

Zubeldiak, berriz ere, txalo betekada izan zuen hamarreko txikian. Oihanerekin batera aritu zen. 45 urteko bikotea ziren, hiru seme-alaben gurasoak. Oihane haurdun geratu eta abortatu egin nahi zuen. Hauxe, Zubeldiaren lehena. «Saio batetik bueltan etxerako jira/ neskari pasilloan hiru kolpe tira/ ta haurdun gelditu da instantean di-da/ zertako joan nahi dezu erizaindegira/ hiru dauden tokian lau kabitzen dira». Bertso oso bortitza dudarik gabe, baina oso txalotua izan zena. Oihanek, orokorrean, dezente sufritu zuen atzo. Arabako txapeldunak ez zuen asko gozatu.

Ariketa honetan Silveirak botatako ale batek merezi du nabarmentzea. Agirrerekin batera aritu zen. Lanera joateko ordubete behar zuten eta errepide berriarekin, berriz, hamabost minutu. Silveira proiektuaren kontra zegoen. Hauxe bere bigarrena, «Zu euskaldun zintzo ta langile izaki/ lanerako dena da behar ta aitzaki/ baina eztabaidatzen jardungo naiz gaizki/ zentzua daukan batek ze esan ez baitaki/ lanera joateko presa daukan bati». Egindako saioa eginda, pena izan zen Silveirak kartzelakoan ez asmatu izana.

Agirreren kartzelakoa

Kartzelako gaia: «Telefonoa jo eta jo ari da eta ez duzu hartu nahi». Zubeldia ehizera joana zen emazteak erditzen hasiko zela esateko deitu zionean. Eta berriz ere, plaza algara batean.

Unai Agirreren kartzelakoa oso polita izan zen. Gaztetxo baten guraso kezkatuaren ahotik kantatu zuen. «Hilabete bat pasatua det hala moduzko peskizan/ herriko festak izaten dira orain hor eta berriz han/ neronek ondo jakin nezake nundikan nora zabiltzan/ neu re gazte izan nintzan/ garai batian bizitzan/ jo ta jo dabil, jo ta jo berriz amorratuaren gisan/ goizeko lautan telefonoa ona ezin leike izan», bota zuen lehena. Eta, bukatzeko, «...berak esan dit aita etorri/ parre murritz bat tarteko/ gasolinarik gabe dagola ta bere bila joateko».

Orain, Laudioko final-laurdena baino ez da falta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo