Emakumeen eskubideak aldarrikatzea eragotzi nahi izan zuten eguneko gertakarien salaketa
Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko eguna da. Eta Martxoaren 8a urtero izaten da martxoaren 8an. Horren nabaria dirudien hori, ordea, ez da hala espainiar Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren adimenean, iazko Martxoaren 8a hauteskunde aurreko hausnarketa eguna baino ez baitzen haren ustez. Emakumeen eskubideen aldeko ekitaldiek «demokraziaren jai handia» eragotz zezaketela uste zuen. Hartara, Polizia bidali zuen, jai eta errebindikazio ekitaldiak bukatu bezain laster bildutako jendetza jipoitzera, oinarrizko eskubide demokratikoak urratuz; hori bai, «demokraziaren izenean». Eta, antza denez, jipoia gutxi iruditu zitzaion, ekitaldian parte hartu zuten hamabost laguni isunak ere ezarri baitzizkien. Jipoituak eta zigortuak izan ostean -Abortoaren Legeak bete gabe jarraitzearen erantzuleak ez bezala-, helegiteak aurkeztu zituzten isunen kontra. Hori bai, arazoak arazo, elkartasuna ere jasoko dute. Datorren ostegunean, Isundunen Asanbleak eta Martxoak 8 Batzordeak deituta, iaz gertatutakoa salatzeko martxa bat izango da, eta jada 20tik gora kolektibok adierazi diote sostengua. Argia da parte hartzeko motiboa, Martxoaren 8a martxoaren 8an dela bezain argia.