GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Euroliga

Oleson jokatu gabe geratuko da, orkatileko arazoengatik

Alaskakoak ez du jokatuko bihar, Erroman, Lottomaticaren aurka, Euroligako lehen partida; ezta igandean ere, Xacobeoren aurka, ACBko neurketa.

p037_f01_97x100.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Brad Olesonen orkatilak nahikoa dela esan du, eta ondorioz, bolada batez jokatu gabe egon beharko du Alaskako hegalekoak, ea behingoz erabat konpontzen den arazoa. Inor gutxik espero zuen, ACB Ligako lehen bi partidak jokatu baitzituen; hala ere, Baskoniako jokalariaren arazoak ez dira desagertu; are gutxiago, okerrera egin du, eta taldeko sendagileek atseden har dezala erabaki dute. Beraz, oraingoz dakiguna da ez duela jokatuko Caja Laboralentzat bihar hasiko den Euroligako lehen partidan, ezta igandean ere, Xacobeoren aurka jokatu beharreko ACBko neurketan.

Zortzi hilabete dira, Alaskako jokalariak orkatilan min hartu zuenetik, hain zuzen, Estudiantesen aurkako partidan, Fuenlabradako jokalari zela. Hasieran jokatzen jarraitu zuen, baina madrildarrentzat denboraldia amaitu zenean, ebakuntza egin zioten, osatu eta denboraldi berrian jokatzeko prest egoteko.

Hala ere, uda ez da nahikoa izan jokalariaren ezker orkatila lehengora itzultzeko, eta denboraldiaurrean entrenatzerik apenas izan zuen arren, ligako debuteko partidan Ivanovicek zelairatu egin zuen minutu batzuk jokatzeko, nahiz eta nabarmena zen Olesonek errenka egiten zuela.

Bilbao Basketen aurka ere entrenatzaileak kantxan izan zuen zenbait minutuz, ordurako taldeak fitxatuta izan arren, haren ordezkoa izan litekeen Chris Lofton, taldean geratzeko aukerak izan badituena, behin Olesonek espainiar herritartasuna lortutakoan.

Zalantza gehiegi

Baskoniako arduradunen artean, gaur egun zalantza askoz ere gehiago sortzen ditu Olesonen orkatilak, bere pasaporteak baino.

Klubak daraman komunikazio politika eskasak ere zaleen artean dexenteko ezinegona eta kezka sortu ditu, izan ere, aurtengo denboraldirako bi fitxaketa nagusiak, Oleson bera eta Herrmannek luze jo dezaketen lesioak baitituzte, hasieran huskeriak zirela uste izan arren.

Zaleen artean askok egiten dituzten galderak dira «zertarako arriskatu dute denboraldi hasieran horren garrantzitsua den jokalari bat, inolako beharrik ez zegoenean, are gehiago Lofton bezalako ordezko bat zegoenean?» edota «Micovek jarraitzeak Herrmann oso gaizki dagoela esan nahi ote du?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo