GARA > Idatzia > Kultura

Eusebio Erkiagak itzulitako «Aspaldiko Maigret» nobela beltza argitaratu dute, 50 urte eta gero

Bilboko Udalarekin euskara sustatzeko hitzarmena sinatu zuen atzo Labayru ikastegiak, eta Eusebio Erkiagak orain dela mende erdi itzulitako Simenonen «Aspaldiko Maigret» eleberria ere aurkeztu zuen.

p041_f01_097x096.jpg

A. B. | BILBO

Bilboko Udaleko Euskara Sailak Labayru ikastegiarekin hitzarmen bat sinatu zuen atzo Bizkaiko hiriburuan euskara sustatzeko, bai kalitateari dagokionez bai hiztun kopuruan. Ana de Castro zinegotziak eta Adolfo Arejita Layburuko ordezkariak sinatu zuten ikerketa lanetan, euskararen zabalkundean eta aholkularitzan gauzatuko den hitzarmena. Horrez gain, Eusebio Erkiagak orain mende erdi itzuli zuen «Aspaldiko Maigret» Georges Simononen liburua aurkezteko probestu zuten ekitaldia. Sutondoan Sorta sailean argitaratu den nobela beltzak Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzaurrea du.

Eusebio Erkiaga (Lekeitio, 1912-Bilbo, 1993) lekeitiar euskaltzainak 1954an itzuli zuen Simenonen nobela beltza. Hitzaurreaz arduratu den Andres Urrutiaren esanetan, «euskararentzat garai gogorretan, debekuak medio».

Idazle gisa antzerkiak, nobelak eta olerkiak idazteaz gain, itzulpenak ere egin zituen Erkiagak eta bere lan guztiak argitaratuta zeuden, tartean «Parmenides» klasikoa. Aldiz, «Aspaldiko Maigret» nobelaren itzulpenaren arrastorik ez zegoen egundaino, lekeitiarrak Simenonen lana itzuli zuela jakina bazen ere. Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo argitu zuenez, itzulpena aurkitu eta argitaratzea erronka izan da beretzat. «Erkiaga maisu izan nuen eta zorretan nengoen berarekin», onartu zuen.

Euskaltzaindiaren lehiaketa

Euskaltzaindiak 1954ean polizia eleberrirako lehiaketa deitu zuen, eta bertara bildu ziren, besteak beste, Loidi («Hamabost egun Urgainen») eta Erkiaga. Biak saritu zituzten, baina Loidik bere lana argitaratua ikusi zuen bitartean -katalanez lehenengo eta euskaraz gero-, Erkiagaren lana ahaztuta gelditu zen. Itzulpenaren arrastoen atzetik peskizan ibili ostean, Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian aurkitu zuten; hori bai, kostata eta oker baten ondoren.

Georges Simenon belgikarrak nobela beltz arrakastatsu andana idatzi zituen, eta, Erkiagak, «Aspaldiko Maigret» itzulita, iragan mendeko bizkaitar euskaltzaleen plan bikoitza jarraitu nahi izan zuen. Hau da, batetik klasikoak euskaratzea -«Parmenides» obrarekin egin zuen-, eta bestetik momentuko liburu arrakastatsuak ere euskaraz ematea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo