GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

PILOTA Lau eta Erdiko Txapelketa

Abizenak eta errekorrak badira nahikoa pizgarri

Aimar Olaizola eta Julen Retegi finalerdietan sartzen saiatuko dira Labriten.

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Paper gainean final-laurdenetako pronostiko argiena duen partida izan arren -dirua nabarmen irtengo da Olaizola II.aren alde-, Aimarrek eta Julen Retegik gaur Labriten (18.30, Telecinco) jokatuko duten neurketak badu nahikoa pizgarri zaleen interesa bereganatzeko.

Lehenik eta behin, Aimar Olaizolak bere bosgarren txapela eskuratu dezake aurten kaiola barruan. Lortuko balu, goizuetarrak Julian Retegi handiaren marka hobetuko luke, baina horretarako aurreneko oztopoa Julianen semea bera izango du.

Horrekin batera, ezin da ahaztu Julen Retegik enpresaz aldatzea erabaki zuela aurtengo udan. Berak eta bere aitak horrenbeste urtean lan egin zuten Asegarce utzi eta Aspera pasatzeko hautua egin zuen. Eta noski, sekulakoa litzateke Retegi gazteak Asegarcek txapela irabazteko duen hautagai nagusia hasi eta berehala kanporatzea.

Julen Retegi une gozoan iritsiko da gaurko norgehiagokara. Aurreneko kanporaketan Olaetxea aise hartu zuen mendean (22-8) eta final-zortzirenetan Patxi Ruizi gailendu zitzaion lan gehixeago eginda (22-15). Iaz ere iritsi zen final-laurdenetara, baina Abel Barriolaren aurka 22-12 galdu zuen Eibarren.

Aimar Olaizola, aldiz, txapelketa guztietan bezala aurreneko neurketak sortzen duen urduritasunarekin iritsiko da Iruñera. Binaka azken partida jokatu zuenetik -oso itxura ona emanda- hamabost egun pasa dira, eta berak aitortu duenez entrenamendu onak egin ditu tarte horretan. Esan bezala, faborito argia izango da katedrarentzat.

Jaialdia 16.45ean hasiko da eta txapelketakoa hirugarren partida izango da. Aurrez, Saralegi eta Mendizabal II.ak Leiza eta Peñagarikanoren aurka jokatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo