Entrenatzailearen prentsaurrekoa
Carlos Martinez eta Ros dira Lasarteren berrikuntzak
GARA | DONOSTIA
Bigarren Mailako lider bezala jokatuko du Realak bihar Herculesen aurka Rico Perezen, inoiz irabazi ez duen futbol zelaian, hain zuzen ere. Alacanteko jokalariek duten maila handia dela-eta, Martin Lasarte gipuzkoarren entrenatzaileak partida «zaila» espero du.
«Oso garrantzitsua da emaitza on bat lortzea, bilatzen ari garen progresio honetan maila bat gehiago igoko baikenuke», adierazi zuen Martin Lasartek Ligako partida bakoitzaren aurretik eskaintzen duen prentsaurrekoan.
Hercules taldea goraipatu zuen uruguaiarrak, eta iaz Lehen Mailara igotzetik gertu ibili zela gogoratu zuen. Horrekin batera, Alacantekoek iaz lorturiko puntuekin beste edozein urtetan Lehen Mailara igoko liratekeela nabarmendu zuen.
Aurreko asteburuan Cordobaren aurka garaipena lortu eta gero, bihar berdinketa bat lortzea Realarentzat emaitza ona izan daitekeela ziurtatu zuen entrenatzaileak. Hori bai, honakoa ere gaineratu zuen jarraian: «Garaipena lortzen badugu, konfiantza gehiago bereganatuko dugu».
Hegoamerikarrak, halaber, Realaren mendeurrenean lidergoa lortzeari garrantzia handia eman zion eta helburua Lehen Mailara igotzea dela azpimarratu zuen, «taldeak momentu honetan ez baitu B planik».
Mikel Gonzalezen kontratuaren berritzearen garrantziari buruz ere mintzatu zen. Administraritza Kontseiluaren gestioa «bulegoko garaipena» bezala definitu zuen entrenatzaileak.
Deialdiari dagokionez, Realak hiru aurpegi berri eramango ditu Alacantera Herculesen aurka jokatzeko: Asier Riesgo -Zubikarairen ordez-, Carlos Martinez -aurredenboraldiko lehen entrenamenduan lesionatu ostean itzuliko da eta Dani Estradaren tokia bete dezake- eta Javi Ros Sanseko jokalaria -Zurutuza lesionatuaren ordez-.
Ion Ansotegiren ustez, Hercules «oso aurkari zaila» izango da eta lider izateari garrantzia kendu nahi izan zion, lehen postuaren defentsarekin obsesionatu gabe «puntuak ateratzea» baita bere ustez garrantzitsuena.
Betis-Villarreal B, atzeratuta
Bihar jokatzekoa zen Betisen eta Villarreal Bren arteko neurketa atzeratu du RFEFk, andaluziarren hamar jokalari baino gehiago A gripeak jota baitaude. Betisek aipatu duenez, baliteke partida azaroaren 11n jokatzea.