Irudi berriarekin abiatu du ikasturtea UEUk
«Indartsu eta bizi» abitu du urtea Udako Euskal Unibertsitateak eta horren adierazle da aurkeztu duen irudi berria. Erakundeak komunitate unibertsitarioaren «polinizatzaile» gisa egiten duen lana irudikatu nahi du.GARA |
UEUk Eibarren duen egoitzan egin zuen atzo ikasturte hasierako ekitaldia eta bide batez aurrerantzean erabiliko duen irudi berria aurkeztu zuen.
UEUko zuzendari Lore Erriondoren esanetan «indartsu eta bizi» dator ikasturtea, eta horren adierazletzat jo zuen hain zuzen ere irudi berria. «UEU elkarte biziduna da, etengabe aldatzen, moldatzen, ikasten doana. Eta bizidunen artean aukeratzen hasita, lore-hostoak zabalik dituen lorearekin identifikatzen gara», adierazi zuen. Erriondoren esanetan, «polinizazioa edo lorautseztapena» da, hain zuzen ere, loreek eta UEUk partekatzen duten ezaugarri komuna: «Loreak bide hau erabiltzen du ugaltzeko, eta UEUk antzeko zerbait egiten du komunitate unibertsitarioan». Oro har, urtean 200dik gora jarduera akademiko, unibertsitateko hamabi testu liburu eta IKTko hamaika proiektu bultzatzen dituztela ekarri zuen gogora, eta «2.000 ikasle, irakasle eta aditu» batzen dituztela.