GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzaileen munduan gero eta zeresan handiagoa ematen ari dira emakumezkoak

Harri-jasotzea emakumezkoetan ere indartzen ari da. Miren Urkiola abiatu zen aurrena, eta bide horretan lagun izateko asmotan, Marijo Sardon eta Idoia Etxeberria batu zaizkio. Badirudi laugarren bat ere bidean dela, baina oraingoz hirurak ari dira plazetan jo eta su lanean.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Harri-jasotzea osasuntsu dago, gazte asko ari dira kirol hau egiten. Gaur egun bi izen nabarmentzekotan, Aimar Irigoien eta Inaxio Perurena nabarmentzen dira, eta 20 urteak pasa berriak dituzte biek. Nesketan ere gauza bera ari da gertatzen. Miren Urkiolak zabaldu zuen atea, atzetik Marijo Sardonek jarraitu zion, eta orain Idoia Etxeberria agertu da. Emakumezkoetan hiru besterik ez dira ari, oraingoz, harriak jasotzen, baina hirurak ere maila handikoak dira.

«Niri bidea zabaltzea egokitu zitzaidan, agian kanpotik begiratuta zailena egin behar izan dut nik, baina nire ustez, agian orain dator zailena. Orduan bakarrik nintzen, gauza berria zen jendearentzat; baina orain hiru gara, denak maila onekoak, eta norberak bereganatu behar ditu plazak. Prestakuntza bera ere, orain askoz ere handiagoa behar da, aurkariek horrenbeste eskatzen baitute», azaldu du Miren Urkiolak.

Hala ere, bizkaitarra pozez txoratzen dago oraingo egoerarekin: «Niretzat egoera hau bikaina da, eta gehiago hasiko balira, hobeto. Honelako maila izateak prestakuntza hobetzera behartzen zaitu, eta kirolarientzat hori oso ona dela uste dut». Hori bai, beraien arteko harremana bikaina dela garbi uzten du: «Oso-oso ongi konpontzen gara hirurok, baina plazan bakoitzak ahal duen ongien egin nahi du, eta hori normala da».

Marijo Sardon ere gustura dago Etxeberriaren agerpenarekin: «Niretzat oso berri ona izan da. Marka handia egin zuen, eta maila bikaina duela erakutsi du. Une honetan hiru gaude, eta hirurak gaude maila onean, eta horrek garbi uzten du hemen inor ez dabilela txantxetan». Urnietarra bera izan zen Urkiolaren atzetik agertu zena, baina bi bakarrik gutxi zirela onartzen du: «Mirenek lan handiak egin zituen, eta gero ni agertu nintzen atzetik. Biok gauza politak egin ditugu, baina bi kirolari bakarrik gutxitxo zen. Denetarako nahiko motz geratzen zen. Orain hirugarren bat etorri da, eta honek indar gehiago hartuko du, eta agian beste batzuk animatzeko ere balioko du. Gehiago hasiko balira, oso berri ona izango litzateke denontzat».

Azkena agertu dena Idoia Etxeberria izan da. Oriotarrak marka bikaina eginez eman zuen bere lehen urratsa. Bera ere gogo biziz dago: «Nire eredua Miren Urkiola izan da, eta uste dut hemen izateko erru apur bat ere baduela. Une honetan hiru gaude, eta hau oso ona da. Maila oso oneko aurkariak ditut, eta horrek berak bultzatzen zaitu lana gogotik egitera. Bakarra tristea da, bakarrik arituta motibazioa ere txikiagoa da, baina une honetan emakumezkoen harri-jasotzea oso ongi dagoela uste dut».

Neska gehiago animatuko ote diren galdetuta, zera esaten du Idoiak: «Ez da erraza, batzuei astakeria iruditzen zaie, beste batzuek min hartzeko arriskua ikusten dute, baina denetan txarrena bakarkako kirola izatea dela uste dut. Ez da taldekako kirola, bakoitzak bere lana egin behar baitu».

Marka saiakerak

Etorkizunari begira jarrita, marka saiakerak dituzte hirurek ere beren helburuetan: «Nire asmoa urtea bukatzerako egitea da, noiz eta non oraindik ez dakit, baina hori da nire asmoa. 10 arroako errektangularrarekin egin nahi dut, gainera, marka hori», azaldu du Miren Urkiolak.

Marijo Sardonek ere marka bat egitea du buruan: «Marka bat egin nahi dut. Lan kontuak direla medio, kirola alde batera utzi behar izan dut tarte batez, baina berriro ere gogotik ekiteko asmoarekin nago. Lehenengo, aurretik nuen sasoia berreskuratu nahi dut, eta gero marka egin. Nire asmoa neguan egitea da, baina ez dut data zehatz bat jarri, lehenengo nire sasoi puntua berreskuratu behar dut». Idoia Etxeberria, berriz, lasaiago dago: «Gerrian arazo batzuk izan ditut, eta hori ongi osatu eta gero, ikusiko dut zer egin. Lehen ere marka egin berria daukat, eta oraingoz, lasai nago».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo