Juanma Hernandez Agudo Ekologistak Martxan. Iruñea
«Otsoa, denon ondarea»
Lehengo egunean Iruñeko Gazteluko Plazan artzain gazta txapelketa egin zuten. Abeltzain bizkaitarrek, gipuzkoarrek eta nafarrek parte hartu zuten. Ez, ordea, arabarrek. Otsoaren inguruan Arabako Diputazioak hartu duen jarrera kritikatzeko, arabarrak ez ziren agertu. Haiekin bat eginda, gainerako artzainek pankarta erraldoi bat zabaldu zuten. Testuak zera zioen: «Otsoa denon arazo da, eta gelditzea denon ardura».
Hori irakurrita, abeltzaintzaren arazo nagusia otsoa dela ematen du. Otsoa desagertzea eskatzen dute aziendari kalte egiten diolako eta lur-zabaleko abeltzaintzarekin bateragarria ez delako. Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatu espainolean eta Europan espezie babestua dela gogoraraztea komeni da. Ondorioz, jokabidea ez da otsoa gelditzea, baizik eta babestea, denon natura ondarea baita. Bakan batzuek ez dute espezie baten etorkizunaz erabakitzeko eskubiderik. Era berean, abeltzainek ez dute bere gainean eraman behar otsoaren kontserbazioa. Gizarte osoak kalteak ordaintzeaz gain, elkartasunez jokatu eta otsoa eta abereen arteko bizikidetza zaila ahalbidetu behar du.
Otsoa beti egon da gure artean, gure kulturan, mitologian eta historian. Azkeneko hamarkadetan gizakiaren muturreko jarraipenak desagertzera eraman zuen. Egun, herrien uzteak, orkatz eta basurdeen ugaltzeak eta kasik otsoaren ehiza legez kanpokoa izateak bere betiko lurraldeen berreskurapena erraztu dute. Otsoaren itzulera, inguruko herrialdeetatik edota Pirinioetatik etortzea, urte gutxiren kontua da. Beraz, itzultzen denean, ongi etorri!