«Litvinenko auzia»k ikamika eragiten segitzen du Mosku eta Londresen artean
Errusia eta Britainia Handiko Atzerri Arazoetako ministroak Moskun bildu ziren atzo, azken bost urteotan bi herrialdeon arteko harreman diplomatikoek izandako gorabeherak leunduz. Kanpo politikako gaietan bat etorri arren, ez ziren adostu Litvinenko espioi ohiaren auzian.
GARA
Serguei Lavrov Atzerri Arazoetako errusiar ministroak eta haren kide britainiarrak, David Milibandek, bi herrialdeen arteko adostasunak nabarmendu zituzten atzoko batzarraren ostean, gehienbat Kanpo politikari dagozkionak; hala ere, ez zuten adostasunik lortu bi herriak aurrez aurre mantentzen dituen auzia batean: Litvinenko espioi errusiarraren heriotza.
Milibanden bisita britainiar ordezkari batek azken bost urteotan egindako lehena izan zen atzokoa, Alexander Litvinenko -Britainia Handian errefuxiatuta zegoen espioi errusiarra- Londresen erail zutenetik hiru urte igaro direnean. «Ez ditugu gure arteko desadostasunak ezkutatzen», adierazi zuen ministro britainiarrak bileraren amaieran. «Baina ez dugu utziko horrek oztopatzea gainerakoan izan dezakegun elkarlana», gaineratu zuen.
Aurrerapausorik izan ez duten gaien artean, Andrei Lugovoi diputatu errusiarraren estradizioaren afera dago, bera baita 2006ko azaroan, polonio erradiaktiboa erabiliz, Alexander Litvinenko hil izanaren susmagarri nagusia.
Orain arte, Errusia beti agertu da Lugovoi estraditatzearen aurka, Konstituzioak bertako herritarrak beste herrialde batzuetara entregatzea debekatzen duela argudiatuta; eta beraz, Lugovoi entregatzeak, praktikoki, Konstituzioa aldatzea ekarriko lukeela azaldu zuen. Gainera, Londresek oraingoz ez duela froga nahikorik aurkeztu adierazi zuten.
David Milibandek, ostera, azaldu zuen Britainia Handiak ez duela afera honetan amore emateko asmorik. «Bera epaitzeko asmoa izaten jarraitzen dugu», argitu zuen.
Kanpo politika
Arestian aipatutako gaia eztabaidatzeaz gain, Errusiako eta Britainia Handiko diplomazia buruek beste hiru adierazpen sinatu zituzten: Iran, Ekialde Hurbila eta Afganistanen ingurukoak, hain zuzen ere.
Ekialde Hurbilaren inguruan, Lavrov eta Milibandek Israeli dei egin zioten, Palestinako lurraldeetako asentamenduei amaiera emateko eta Gazako pasabideak zabaltzeko.
Era berean, Irani eskatu zioten Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren proposamena onartzeko. Horren arabera, Iranek uranioa aberastua lortu ahal izango luke, betiere prozesu hori beste herrialderen batean burutuz gero, berak ekoiztu barik.
Lugovoiren ustez, Moskuk estradizio eskaria ez onartzeak «berriro ere» frogatzen du berak Litvinenkoren heriotzan zerikusia izan zuela baieztatzeko froga nahikorik ez duela Scotland Yardek.