GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Ipuin bat: «Alferrikako doktrinamendua»

Horra hor Bixenta Mogelen alegia: begirada lainotzen saiatuko zarete eta ezin da ukatu horretan abilak bazaretela, baina egia argiztatzen denean, begiak ezinbestez zabaltzen dira

Bazen behin neskato bat Makarraldean jaiotakoa. Ez zen Patxiren herrian izan, Portugalete beti izan baita Makarraldeko zonalde noblea, baina nahiko hurre. Herri hartan Alazne, Aitziber edo Agurtzane moduko izenak ez zeuden modan, hortaz, izen normala ipini zioten; berez errusieratik datorren izena da, baina argi eta garbi, euskarazko bat baino askoz normalagoa zen mundu guztiarentzat herri hartan sasoi hartan.

Amak txirikorda politak egiten zizkion, estu-estu, lehen egiten zen modura, eta eskolara eroaten zuen egunero. Bere kalean bazegoen eskola aurreko klaseak ematen zituen andra on-on bat, Cecilia izenekoa, eta harexek irakatsi zion irakurtzen, idazten eta numeroak egiten; gazteleraz dena, jakina. Gerora, sei urte beteta, auzotik irten eta eskola handi batean sartu zuten gurasoek. Han hainbat kontu ikasi zituen, gehienak ezer gutxirako balio izan zitzaizkionak, baina denak gazteleraz, jakina. Behar den moduko eskola zen hura, edozein doktrinamendutik aparte, neskato hau jaio zenerako Franco nahiko hilda baitzegoen. Beraz, irakasle demokraten komentarioak ezin doktrinatzat jo, nahiz eta azkeneko kurtsoren batean maisu batek «Marx era un pusilánime que todas las noches lloraba en las faldas de su mujer» bota, holan por holan.

Eskola handitik institutura, eta bertan ere gazteleraz ikasi zituen hiru probintziak eta España osoa goitik behera, baina batere doktrinamendu barik, noski, eta gaztelera hutsean, jakina. Institutu garaian ezinegona beti areagotzen da, bizia eta mundua hasten da zabaltzen norberaren aurrean. Gure neskatoak, beste neskato eta mutikoen modura, hainbat galdera zeuzkan: zergatik hau, zergatik bestea, hau honela bada, zelan da posible bestea ez izatea... Eta ez pentsa inor etorri zitzaionik erantzun borobilik ematera, toki batera eta bestera zabaldu behar izan zuen belarria ea zer harrapatzen zuen, ondo begiratzen ikasi zuen ea ezer argira ateratzen zuen... eta, azkenik, bere konklusioekin egin zuen topo.

«Doktrinamendu bako» hezkuntzan eta jendartean ikasitakoak egiarekin bat ez zetozela egiaztatu zuen eta auzokideek, irakasleek, ministroek, kontseilariek eta abarrek espero ez zutena gertatu zen. Gure neskatoaren ibilbidea gorri eta independentista bihurtu zen. Baina berari ez ezik, beste hainbat neskato eta mutikori ere gertatu zitzaien aipatutako horien guztien ikara eta horrorerako. Eta hala izan ez bazan, sar nazatela kalabazan.

Horra hor Bixenta Mogelen alegia: begirada lainotzen saiatuko zarete eta ezin da ukatu horretan abilak bazaretela, baina egia argiztatzen denean, begiak ezinbestez zabaltzen dira. Zeuen burua «sozialista» deitzen duzuenok, ezagutu beharko zenukete Rosa Luxemburg-ek esaten zuen esaldi hura: «Egia esatea gauzarik eta iraultzaileena da». Nahi beste doktrinamendu nazionalespañol bota ahal da umeen gainean, baina egiaren bila inoiz zuzentzen badira, egiak beti egingo du gora. Gura beste satsa bota ahal da solora, baina horrela landareak are indartsuago hazten dira. Eta guk esango dugu, arkanjel izeneko gizon handi harekin batera, «egia bat esateagatik», batek daki zer gordeta badaukazue ere, «inoiz, inola, inon, ez naiz isilduko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo