Fernando Salegi | Eguzki
Ondarroako Udal Gestoraren gezur berriak
Ondarroako Udal Gestorak berriro ere gezurrak asmatu ditu Alleriko etxebizitzen proiektua justifikatzeko. Gestora honen propaganda zerbitzuak egunkarietara zabaldutako oharrean dio proiektuaren inguruko alegazioak ekologistok aurkeztu ditugula bakar-bakarrik. Baina hori ez da horrela. Eskualdeko talde ekologistekin batera, beste alderdi politiko batzuek ere aurkeztu dituzte alegazioak.
Udal Gestorak etxebizitzen proiektuak babes zabala daukala sinestarazi nahi badigu ere, ondo daki herriaren gehiengo sozial eta politikoak proiektu hori zalantzan ipini duela. Hainbat alderdi eta erakunde proiektuaren aurka azaldu dira (Eguzki, OGA, MNT, Ekozain, Aralar...) eta udal hauteskundeetako Ondarroako alderdi bozkatuenak (EAE-ANV) ere proiektu horren inguruko zalantzak azaldu ditu.
Bestalde, proiektu horrek hain babes handia badauka, zertan dabil Ondarroako Gestora proiektu horren aldeko makro-propaganda egiteko hainbeste diru publiko xahutzen? Zertan dabil Eusko Jaurlaritza oinarri zientifikorik gabeko inkestak egiten telefono bidez? Herritarren interesen izenean, Udal Gestorak ez al dauzka interes enpresarial eta urbanistikoak Alleriko etxebizitzen proiektuaren atzean? Udala Iturribarriko etxebizitza tasatuak ezin salduta badabil, Allerin etxebizitza tasatu gehiago egiteak herritarren etxebizitza beharra aseko du ala beste interes ekonomiko batzuei erantzungo die?
Udal Gestorakoen asmoa eztabaida desbideratzea da, gezurren eta propagandaren bidez. Horren aurrean, gutun hau sinatzen dugunok honakoa exijitzen diogu Udal Gestorari: gezurretan ibili ordez, erantzun ditzala guk aurkeztutako alegazioak, eta argitu dezala zergatik nahi dituen eraiki etxebizitzak babestutako gune izendatutako espazio batetan, edota zergatik nahi dituen obrak hasi Alleriko inundazio kotak edota babes eremuak oraindik ondo zehaztu gabe badaude.
Guk proiektuaren aurka dauzkagun arrazoiak errepikatzen ditugu: Alleri herrian geratzen zaigun espazio natural bakarrenetarikoa da, eta garrantzi ekologiko eta paisajistiko handia dauka. Etorkizunean uren igoera edota tenperaturak erregulatzeko ezinbesteko elementu izango da padura hau. Eta etxebizitzen arazoa herri barruan konpondu behar da, etxebizitza hutsak berrerabiliz, espazio hutsak hobeto aprobetxatuz eta herritarren ahalmen ekonomikoetara egokitzen diren etxeak eskainiz, alokairu sozialaren bitartez, adibidez.
Alleri zaindu!